Zabalza familiak “hunkituta eta babestua” sentitzen dela adierazi du Parlamentuak Zabalza Auzia berriz ikertzeko egindako eskariagatik
Nafarroako Parlamentuan ordezkaritza duten alderdi guztiek joan den astean argitara emandako audioak ikertzea exijitzeko adierazpen instituzionala ezagutu eta gero, Mikel Zabalzaren senideek hitzetatik ekintzetara pasatzea eskatzen dute. Bestetik, Aezkoako Batzar Nagusiak eta Orbaitzetako Udalak "egia eta justizia" eskatzen dituen adierazpen instituzional bat adostu dute.
2021-ko martxoak 4
“Hunkituta eta babestuta sentitzen gara, hartutako erabakia hainbeste urtetan aldarrikatutako egia aitortzea delako”, adierazi dute Mikel Zabalzaren senideek.
Zabalza familiak ez du inoiz sinetsi bere momentuan emandako bertsio ofiziala, eta 35 urte hauetan benetan gertatu zena jakiteko borrokan izan dira. “Gaur egun, grabazioa entzunda eta horren bidez jasotako informazioa edukita, Nafarroako gizarteak eta haien ordezkariek egiaztatu ahal izan dute jada Mikelek jasandako torturaren praktikari buruz, grabaketako elkarrizketan hain naturaltasun handiz deskribatzen dena, sumatzen zutena”, adierazi dute.
Parlamentuan aho batez hartutako erabakia eta gero “ekitea” eskatzen dute. “Gertaerak argitzeko beharrezko neurriak hartzea”, hain zuzenen ere, “isilpeko dokumentuak desklasifikatuz, fiskaltzaren lanaren jarraipena eginez edo bere eskumen eremuan sartzen den beste edozein bide hartuz”.
Aezkoako Batzar Nagusiak eta Orbaitzetako Udalak egia eta justizia eskatzen dute
Norabide berdinean agertu dira Aezkoa eta Orbaitzetako instituzioek. Adierazpen instituzional batean, Batzar Nagusiak eta Udalak Zabalza Garate familiari babesa eta elkartasuna adierazi diete, eta Espainiako Gobernuari zein Estatuko Fiskaltzari zer gertatu zen ikertzea eskatu diete. Bestetik, Nafarroako Gobernuari torturaren eragina herrialdean zein izan den ikertzea eskatzen diote, eta larunbatean Iruñean eginen den manifestazioan parte hartzeko deia luzatzen dute. Bukatzeko, “Non dago Mikel?” filma egin duen taldeari euren esker ona adierazi diote.