Etxebizitza unibertsala duina izateko eskubidearen alde. Etxe komunaren defentsan. Denok greba orokorrera!
AHT Gelditu! Nafarroa
2026-ko azaroak 7
Krisi eko sozial global larrian murgilduta bizi gara, konpondu ezean, zibilizazioaren abiadura handiko hondamendira eramango gaituena. Toledoko AHTaren istripu lazgarria, lehenagoko Kordobakoa eta Santiagokoa bezala, garapenzalekeria zoro honek garamatzan kinka larriaren metafora bat da, larrialdiko balazta berehala bota behar zaiona. Hortik urrun, kapital handiak are gehiago bizkortzen du makina bere etekinak esponentzialki handitzeko, lurraren azken baliabideak ustiatuz eta munduko langileria azpiratuz. Pobretzea, desberdintasunak eta bidegabekeriak areagotu egiten ari dira, eta giro horretan faxismoa aurrera doa eta gerra-danbor hotsak nonahi entzutzen dira. Kapitalismoak zentralizatzeko duen joerak bultzatuta, populazioa hiri handietan metatu du, landa-eremuak despopulatuz eta hirientzako sakrifizio-eremu bihurtuz. Horrela, AHTa hiri-hipertrofia hori bultzatzeko beste tresna bat besterik ez da.
Testuinguru horretan, sistemak negozio-hobi handi bihurtu du etxebizitza. Jabe handien, putre funtsen, interes turistikoen eta partikularren errentismo basatiak alimaleko pagotxa aurkitu du -boterean dagoen klase politikoak lagunduta- espekulatzeko etxebizitza kopuru handia bereganatuz. Horrenbestez, herri langilea zapalkuntza bikoitz baten uztarpean bizi da: enpresaburuengandik lanean eta errentistarengandik etxebizitzan.
Egoera honetan eta datorren azaroaren 11ko greba orokorraren aurrean, AHT Gelditu! Nafarroak dei egiten du grebarekin bat egiteko eta horren prestakuntzan aktiboki parte hartzeko, lantokietan eta auzoetan greba-batzordeak indartuz. Ildo horretan, etxebizitza-sindikatuen aldarrikapenak bere egiten ditu, etxegabetzeak zein etxebizitza espekulazio-helburuekin erabiltzeko debekua exijituz, baita alokairuen jaitsiera sakona eta horiek mugagabeak izatea eskatuz ere. Etxebizitzaren arazoa konpontzeko, biztanleria hiri handietan metatzeko joera eten behar da, landa-eremuetan bizi-alternatiba duinak ahalbidetuz. Baita, gaur egun hutsik dauden etxebizitza guztiak berreskuratu eta birgaitu behar dira, behar handiena duten herritarren zerbitzura jartzeko. Era berean, espekulaziorako erabiltzen diren etxebizitzak nahitaez desjabetu behar dira. Ustezko “Interes orokorra” oinarri hartuta, AHTa inposatzeko laborantza-lurrik emankorrenak eta interes ekologiko handiko eremuak desjabetzen badira, ez al da interes orokor handiagoa bizilekua izateko herritarrek soldataren erdia baino gehiago erabili behar ez izatea? AHTa eraikitzeko erabiltzen den dirua edo 2008ko krisian banketxeei oparitu zitzaiena -eta oraindik itzuli ez dutena- hori guztia ordaintzeko erabil zitekeen.
Gainera, une kritiko honetan, funtsezkoa iruditzen zaigu etxe komuna defendatzeko deia egitea, alegia, gu parte garen aldetik babesa eta elikagaiak eskeintzen dizkigun lur planeta defendatzeko deia egitea. Lurrarentzako etorkizun egonkorrik gabe, nekez egin ahal izango dugu egingarri etxebizitzarako eta bizitza duinerako eskubidearen aldarrikapena. Ez gaitzatela etxe komunetik bota!
Greba hau kapitalismoaren aurkako gure aletxoa izan behar da, ezarri nahi dizkiguten murrizketa sozialen eta gerra-ekonomiaren aurka Europan zehar altxatzen ari den borroka olde honetan. Kapitalismoa injustizia, suntsipenaren eta heriotzaren sinonimoa da. Historiaren zaborrontzira bidaltzeko unea iritsi da, eta guztien artean eredu post kapitalista sortzeko unea.
SISTEMA ZORO HAU GELDITU! DENOK GREBA OROKORRERA!
