Lizarraldea Bizirik kalera atera da Lizarran, eskualdea mehatxatzen duten makroproiektuen aurka
Lizarraldea Bizirik–Pueblos Vivos plataformak deituta, manifestazioa egin dute larunbat honetan Lizarran, meatzaritza, energia eta nekazaritza-industriako proiektuen ugaritzea salatzeko. Plataformaren arabera, ehun herri ingururi eragiten diete egitasmo horiek. Herritarren antolakuntza eta borroken arteko koordinazioa aldarrikatu dituzte, lurraldea eta bertako biztanleen bizi-baldintzak defendatzeko.
2026-ko azaroak 7
Lizarraldea Bizirik–Pueblos Vivos plataformak manifestazioa egin du azaroaren 7 honetan Lizarran, eskualdea mehatxatzen duen makroproiektuen «oldarraldia» salatzeko. Mobilizazioan, egitasmo horietako batek edo gehiagok eragindako herrien izenak eraman dituzte. Plataformaren arabera, ehun herri inguru daude egoera horretan.
Mobilizazioan irakurritako agirian, eskualdean kezka sortzen duten proiektuak eta miaketak zerrendatu dituzte. Besteak beste, kobrezko meategiak ustiatzeko aukerak aztertzeko zundaketak aipatu dituzte, Sorladan, Monjardinen eta beste 31 herritan. Halaber, Lana haranetik Legardaraino eta Aralar mendilerroan hidrogenoa eta helioa bilatzeko iragarritako miaketak salatu dituzte.
Arroniz, Sesma, Viana, Andosilla eta Los Arcosen aurreikusitako biometano-planten proiektuak ere jarri dituzte jomugan. Plataformaren arabera, instalazio horiek 500.000 tona hondakin baino gehiago bilduko lituzkete guztira. Ohartarazi dutenez, planta horiek makroetxaldeen hedapena bultza dezakete. Eredu horrek ibaietan eta akuiferoetan izan ditzakeen ondorioengatik kezka azaldu dute, eta Iranzu ibaiaren arroa, Lokizko lurpeko urak eta Ega ibaiaren akuifero alubiala aipatu dituzte.
Egitasmo horiei Oteizako oso goi-tentsioko azpiestazioa eta hari lotutako linea elektrikoak gehitu behar zaizkie, baita eskualdeko hainbat herritan eta Izarbeibarren sustatutako proiektu fotovoltaiko eta eolikoak ere. Lizarraldea Bizirik-ek zalantzan jarri du azpiegitura horiek herritarren beharrei erantzuten ote dieten. Salatu duenez, trantsizio energetikoa aitzakia gisa erabiltzen ari dira enpresen errentagarritasuna lurraldearen zaintzaren gainetik jartzen duten negozioak justifikatzeko.
Plataformak enpresa handiak eta finantza-erakundeak jo ditu egoeraren erantzuletzat, eta erakundeen jarduna ere kritikatu du. Salatu duenez, administrazioek proiektuen izapideak erraztu dituzte, foru-intereseko izendapenen eta lege-aldaketen bidez. Aldi berean, informazioa eskuratzea zailtzea eta egitasmo horien aurkako herri-ekimenak oztopatzea egotzi die.
Egoera horri aurre egiteko, herrien eta kolektiboen arteko koordinazioa defendatu du plataformak, indarrak batu eta ingurunearekin orekan bizitzeko eta lan egiteko proposamenak garatzeko. Lurraldearen defentsa larrialdi klimatikoaren testuinguruan kokatu du, herritar guztien bizi-baldintzak hobetzeko beharrarekin lotuta.
Irakurketan, datu-zentroentzako Europako moratoria eskatzeko mobilizazioei babesa adierazi diete. Halaber, azaroaren 11ko etxebizitzaren aldeko greban parte hartzeko deia egin dute. Bi aldarrikapenak lotu ditu plataformak: salatu duenez, lurraldearekin eta etxebizitzarekin egiten den espekulazioak herritarrei beren herrietan bizitzen jarraitzea zailtzen die.
«Lizarraldea ez da saltzen / Tierra Estella no se vende» lelopean, datozen hilabeteetan borrokak koordinatzen eta mobilizazioak egiten jarraituko duela iragarri du Lizarraldea Bizirik-ek.
