San Jose zentroan 24 positibo izan direla egoiliarren artean salatu du LABek
"Kezkagarriena da zentroko zuzendaritzaren gardentasun falta, Segurtasun eta Osasun Batzordeko kideei benetako datuak ezkutatzen saiatu baita", salatu du sindikatuak.
2020-ko abenduak 24
Abenduaren 22an PAGNAko Segurtasun eta Osasun Batzordea bildu zen, gaur egun bizi dugun egoeran bigarren mailakotzat jo ditzakegun zenbait gai jorratzeko. Aipagarriena etorri zen San José Zentroko zuzendariak esan zigunean hango egoiliarren artean bi Covid kasu zeudela.
Ikertzen hasi ginen eta gaur jakin dugu atzo 7 kasu zeudela (ez 2, zentroko zuzendariak jakinarazi zigun bezala), eta gaur 24 direla. Astakeria bat! Are gehiago kontuan hartzen badugu zentroan 80 egoiliar daudela. Zergatik ezkutatzen dute benetako informazioa? Zergatik ezkutatu nahi dute errealitatea? Ez al zaie iruditzen kontu larria dela eta denok jakinaren gainean egon beharko genukeela neurri egokiak hartzeko kutsatutako pertsona horiek eta zentroko gainerako egoiliarrak eta langileak babestearren?
Hartu beharreko neurrietan dago gakoa. Izan ere, nahiz eta Nafarroako Gobernuak beste zentro batean atal bat prestatu duen egoitza publikoetako Covid gaixoak bertan zentralizatzeko, errealitateak dio San Joséko egoiliarrak ez direla leku horretara eramaten ari. Izan ere, San José nafar Gobernuaren menpeko egoitza da, ezgaitasun intelektual larria pairatzen duten egoiliarrak artatzeko. Hori horrela, Covid gaixoentzako egoitzako langile guztiek ez dute halako egoiliarrek eskatzen duten formakuntza.
Horregatik, LABek berehalako erantzuna eskatzen du: positibo eman duten pertsona horiek erreferentziako zentrora eraman daitezela, edo, bestela, horretarako prestatutako bitarteko baliabidera. Horrez gainera, eskatzen dugu behar bezalako neurriak har daitezela gainerako egoiliarrak eta San Joséko langileak babesteko. Eta horretarako, nahitaezkoa da pandemiak irauten duen bitartean langile gehiago jartzea zentroan; izan ere, pandemia hasi zenetik lan-kargak izugarri handitu dira erregistratzen ari diren positibo-kopuru handia dela kausa (eta beldur gara kasu kopuruak ez ote duen gora eta gora egiten segituko).