San Francisco Javier psikogeriatrikoaren koronabirusaren agerraldi bat eman dela salatu du LABek

LAB sindikatuak San Francisco Javier psikogeriatrikoa jasaten ari den kontrolik gabeko COVID agerraldia salatu nahi du. Agerraldi horrek erabiltzaileei eta langileei eragiten die duela bi aste baino gehiagotik. Osasun Mentaleko Zuzendaritzak honi aurre egiteko ekimenik abian jarri ez izanak, antolaketa-akats handiak eta arreta falta onartezina eragin ditu.

2020-ko abenduak 7

LAB sindikatuan aspalditik ari gara San Francisco Javier zentro psiko-geriatrikoan gertatzen ari denaren inguruko berriak jasotzen. Egoiliarren eta langileen artean kutsatze-kopuruak gora doaz etengabe, eta, ondorioz, ezinbestekoa da ahalik eta azkarren egoera honi aurre egiteko ekimenak abian jartzea, agerraldiak antolaketa-hutsegite izugarriak ari baita azaleratzen.

Kutsatutako pertsonen kopurua hogeita hamarretik gorakoa da dagoeneko; horietako batzuk larriak dira, eta hildakoak ere izan dira, tamalez. Bestalde, langileak ere ari dira kutsatzen, Osasun Mentaleko Zuzendaritzak aurreikuspen falta nabaria erakutsi duelako, nahiz eta LABek askotan ohartarazi dion zuzendaritzari gabezia hori.

San Francisco Javier zentroan gertatzen ari denak izugarri kezkatzen gaitu, eta uste dugu osasun-sistemak dituen baliabideak premia handiena duen zentroaren esku jarri behar direla; eta, une honetan, zentro hori San Francisco Javier psikogeriatrikoa da.

Profesionalek egoeraren aurrean duten beldurra eta ziurgabetasuna adierazten dizkigute, eta baita 24 orduko arreta medikorik eza ere. Eta bistan denez, horrek egoera are larriagoa egiten du.

Espezialistak prestatzeko Erizaintzako langileak kontratatzen ari dira, eta LAB sindikatuan jarduera hori zer baldintzatan egiten ari den jakin nahi genuke, araudira egokitzen den zehaztu ahal izateko. Era berean, langileen artean dagoen kutsatzeari aurre egin ahal izateko, osasuntsu daudenak beren lanaldia luzatzera eta baimenei uko egitera behartzen dituzte.

Bestalde, psikogeriatrikoan gertatzen ari den alerta COVIDak eragindako alerta medikoa da. Hori dela eta, berez kalteberak diren paziente horientzat, gutxienez, Nafarroako Ospitalegunean ospitaleratuta dauden COVID pazienteek dituzten bitarteko berak ezarri behar dira.

Osasun Mentaleko eta Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendaritzei exijitzen diegu egoera hori berehala eten dezatela, eta estaldura eta arreta eman diezaietela bai unitateetan dauden pazienteei, bai Zuzendaritzak egoeraren erantzule egin nahi dituen langileei ere.

Gehiago