Parkean Euskaraz ekimena berriz jarriko dute martxan Iruñerriko haurren artean euskara sustatzeko

Zabalik da izen-ematea Iruñerriko auzo eta herri ezberdinetan familiarteko harremanak euskalduntzea helburu duen egitasmo honetarako. Aurten Txantrea, Arrotxapea, Iturrama, Arrosadia, Sarriguren, Alde Zaharra eta Antsoaingo familia euskaldunek aisian euskaraz funtzionatuko duen talde bat osatu ahalko dute jolas ezberdinak baliatuta.

2021-ko irailak 9

Egitasmoa, 2-6 adin-tartean haurrak dituzten familiei zuzenduta dago. Proposamena, beraz, familiaka antolatuta dago, haur bakoitzeko guraso, lagun edo senide euskaldun edo ia euskaldun baten parte-hartzea beharrezkoa izanda. Talde bakoitzean, bi azpitalde banatuko dira, 2-3 urtekoak (haur eskoletako handiak eta HH-ko lehenengo urtekoak) eta 4-5-6 urtekoak (HH-ko bigarren eta hirugarren maila).

Antolatzaileen esanetan, “helburu ezberdinak daude, lehenengoa, heldu-haur, heldu-heldu, eta azken hauek eredua emanda, haurren arteko harremanen hizkuntza ohiturak euskaratzea. Bigarrena, euskara eskolatik kanpoko espazioekin identifikatzea eta gozagarri egitea aisiara eramanda. Hirugarrena, herriari edo auzoari lotutako bizilagun euskaldunen arteko taldeak sortzea. Eta azkena, euskaraz bizitzeko ahalduntzea sustatzea”.

100 familiatik gorako matrikula eduki zuten azken maiatza-ekaineko saio arrakastatsuak antolatu eta gero, eta helburuetan eragina edukitzeko, 21/22 ikasturte osorako plangintza eta egutegia osatu dute urriaren hasieratik aurrera ia astero saio bat antolatuz. Dindaia Fundazioak 24 jolas saio antolatuen kudeaketa egingo du (izen-ematea, begiraleak, materialak,..). Egitasmoak berrikuntza batzuk ere edukiko ditu eta Dindaiak antolatuko ez dituen saio autonomo eta dibertsifikatu batzuk ere eramango dira aurrera, gurasoek antolatutako tailer, txango edo liburu-trukaketen bidez edo jolas libreen bidez.

Sortzen, HE Gurasoak, tokiko euskara zerbitzu, tokiko eragile euskaltzale eta guraso elkarteek ere egitasmoaren zabalpenean hartuko dute parte. Bultzatzaileen arabera, “0-6 adin tartea oso berezia da umeen garapenean, orduan ezartzen baitira hainbat ikasketa-prozesuren oinarriak, hala nola, hizkuntzak ikasteko behar direnak. Gerora ere ikas daiteke, baina, adin honetan, transmisio multzo ezberdinetan (etxeko giroa, hezkuntza arautua eta aisia) edukitzen diren ikaspen eta esperientziek aurrerago euskaraz normaltasunez hitz egiteko oinarri sendoa finkatuko dute. Horregatik, euskara dibertigarri egin eta eskolatik haratago eraman nahi dugu, aisiara.” Kontzientziazio horretan eragiteko, egitasmoaren kartelarekin batera, komiki bat zabaldu dute, titulutzat, “Nire umeak euskaraz egingo al du?” duena eta familiei galderari modu ilustratuan erantzuten lagunduko diena.

Antolatzaileek diotenez, “Alde Zaharra eta Sarriguren batu zaizkigu. Talderik osatu ez duten auzo eta herritako interesatuei gurekin kontaktuan jartzeko deia zabaldu nahi diegu.” Gaineratu dutenez, “Sortzenek, 6 urtetik gorakoentzat, Euskara Kalera egitasmoa zabalduko du laster. Beste proiektu hau, iaz ikasturte bukaeran Hegoalde ikastolan hasi zen, eta aurten, bertan errepikatu eta auzo eta herri gehiagotara zabaldu nahi dute.”

“Parkean euskaraz”-eko auzo eta herri ezberdinetako talderen batean izena emateko, Irailaren 23ra arte aukera egongo da. Horretarako, interesatuak, Dindaia.eus sartu beharko dira.

Hauek dira aurtengo ikasturte honetan zabaldu dituzten ordutegiak:

ANTSOAIN: Ostegunetan, 17:30-18:30. Harrobi ondoko parkegunean.
ARROTXAPEA: Ostegunetan, 17:00-18:00. Maiteminduen parkea (zokoa tabernaren parean).

ITURRAMA-DONIBANE: Astelehenetan, 17:00-18:00. Asensjo Pintorearen kalea 2
ALDE ZAHARRA: Astelehenetan, 17:00-18:00. Baratxurien plazan.
ARROSADIA: Asteartetan, 17:00-18:00. Hegoalde ikastolako patioan.
TXANTREA: Asteazkenetan, 17:00-18:00. Munduko parkean.

SARRIGUREN: Zehazteke.

Gehiago