Nafarroako Gobernuak COVID19ren aurkako aztarnarien %90 kanporatu dituela salatu dute
Nafarroan koronabirusaren aurka lanean ibili diren aztarnariek salatu dute Nafarroako Gobernuak orain arte lan honetan ibili diren langile gehienak maiatzean esperientziarik gabeko talde batez ordezkatuko dituela.
2021-ko apirilak 5
Pandemia hasi zenetik, Nafarroan koronabirus gaixotasunaz ahalik eta kutsatu gutxien egoteaz arduratu den taldea osatzen joan da. 160 pertsona baino gehiagoz osatutako taldea hain zuzen ere: batzuk uztailean hasi ziren, beste batzuk irailean eta beste hainbat, modu mailakatuan hurrengo hilabeteetan. Pertsona guzti horiek, gutxinaka-gutxinaka eta egunez-egun pazientziaz betez, ezagutzen ez zuten lanbide berri baterako prestatuz…mila milioi dei egin ondoren, inork ezagutzen ez zuen lanbide horretan trebatuz: aztarnarien lanean.
Zoritxarrez, talde hau sortzeko erabili diren giza baliabide eta baliabide ekonomiko guztiak atzerapauso bortitza jasango dute orain. Datorren hilabetean, maiatzak 1, aztarnari gehienak talde txikiago batez ordezkatuko dira, baina larriena, gaian eta lanbide berri honetan esperientziarik gabeko talde batez ordezkatuko direla da. Aztarnari asko, zerrenda labur zaharretatik daude kontratatuta, eta hauek, ateratako azken zerrenda berrietan lehentasuna duten langileek ordezkatuko dituzte. Beste edozein testuinguruan, araudiak markatzen duena betetzea bidezkoa eta beharrezkoa izango litzatekeela argi dago baina, momentu latz hauetan, gure lanaren berezitasuna eta salbuespenezko egoera hau ikusita, aldaketa horrek izan ditzakeen ondorioak tragikoak izango direla uste dugu.
Oraintxe bertan, Nafarroako positiboen %90-a baino gehiago andui britaniarrari dagokio, askoz kutsakorragoa eta kontrolatzen zailagoa dena. Dagoeneko 200 kasu inguru ditugu eguneko eta ZIU-etan (Zaintza Intentsiboetako Unitatea) berriz ere presioa nabaritzen hasia da.
Momentu honetan, aztarnarien talde osoa errendimendu handiko egoeran dagoela, langileen % 80-a baino gehiago alde batera uztea laugarren olatu honetan hondoratuko gaituen azken erabakia izan daiteke.
Talde berri bat osatzeak denbora behar du eta honek, kasuen arakatze eta jarraipenean atzerapenak, akats posibleak eta kontaktuak galtzea suposatuko du. Ez dugu gure burua ezinbestekotzat hartzen baina argi dugu, gure lanean jartzen dugun indar, sendotasun eta azkartasuna gakoa izen dela, baita hilabete guzti hauetan zehar profesionalki hazi garena.
Ez gara kudeatzaileak, ez dugu egoera berezi honetarako konponbiderik eta, noski, denborarekin etortzen diren langile berriek gu orain gauden mailara heldu daitezke. Baina zein izango da honen kostua? Zenbat murrizketa gehiago jasan ahalko ditu gure industriak eta merkataritzak? Eta biztanleriak? Momentu honetan burokrazia osasun publikoaren gainetik jartzea zentzuzkoa al da?
Nafartar askoren haserrea, nekea, sufrimendua eta beldurra entzun ondoren… azken galdera horren erantzuna ezezkoa dela pentsatu nahi dugu.