Nafarroako garbitzaileak mobilizazioekin hasi dira, sektoreko lan hitzarmen duina lortze aldera

CCOO, LAB, ELA, UGT eta Solidari sindikatuek deituta, dozenaka garbitzaile kalera atera ziren atzo Iruñean, Garbiketen Nafarroako lan hitzarmenaren negoziazioaren blokeoa salatzeko. Lehenbizi batzarra egin zuten Burguen plazan, eta gero manifestazioan joan ziren Nafarroako Parlamenturaino. Langileek nabarmendu zuten funtsezkoak direla, eta are funtsezkoagoa dela garbitzaileek hitzarmen duina izatea.

2021-ko martxoak 12

Sindikatuek eta patronalak iragan otsailaren 4an egin zuten Garbiketen lan hitzarmenaren berritzea negoziatzeko azken bilera. Patronala mahaitik altxatu zen bilera hartan, eta negoziazioak hautsi egin ziren. Hala, mobilizatzen hasteko aukera baino ez zuten ikusi sindikatuek. Atzokoa izan zen lehenbizikoa. Martxoaren 24an elkarretaratzea eginen dute CEN Nafarroako Enpresaburuen Elkartearen Iruñeko egoitzaren parean. Eta gerora, negoziazioak berriz hasi eta aurrerapausoak ematen ez badira, apirilaren bigarren hamabortzaldian grebara joateko asmoa dutela iragarri dute.

Nafarroako Parlamentuaren parean eginiko mintzaldietan, sindikatuetako ordezkariek martxoaren 8an erakundeek eginiko keinu sinbolikoak aipatu zituzten. “Utz itzazue sinbolismoak alde batera, zuek baituzue kontratatzen dituzuen enpresek genero diskriminazioa alda dezaten presioa egiteko gaitasun eta ardura. Izan ere, genero berdintasunarekin konprometituak bazaudete, lanaldi partziala bukatzeko konpromisoa ere izan beharko zenukete. Izan ere, emakumeon eskubideekin konprometituak bazaudete, soldata arrakala bukatzeko konpromisoa ere izan beharko zenukete”, adierazi zuten manifestariek.

Sindikatuek gogoratzen dutenez, garbiketa enpresetan emakume langileen %80 lanaldi partzialekin dabilela, eta emakume langileen %90 gizon langileek baino gutxiago kobratzen duela. “Patronalak hitzarmenaren negoziazioak hautsi ditu”, adierazi dute. “Eta guk, sektore feminizatu honetako langileok, erran nahi diegu soldata arrakala eta gizon eta emakumeen arteko desberdintasunak ezabatuko dituzten hobekuntzak lortzen ez badira, grebara joko dugula. Gu funtsezkoak bagara, are funtsezkoagoa da hitzarmen duina lortzea”.

Gehiago