Nafarroako Esku-hartze Sozialeko langileak grebara deitu ditu LABek negoziazioen blokeoaren aurrean

Azaroaren 17an izanen da mobilizazio eguna.

2020-ko azaroak 6

LAB sindikatuak begi onez ikusi du Nafarroako Gobernuak iragarri izana Nafarroako Esku-hartze Sozialeko lehen hitzarmen kolektiboari beharrezko finantzaketa emanen diola. Baina, era berean, haserre bizian ikusi du patronalak finantzaketa horren aurreko bere proposamenarekin tematuta jarraitzea eta hitzarmenaren inguruko akordioa blokeatzen segitzea. Beraz, Nafarroako Esku-hartze Sozialeko 2.000 langileei dei egiten die salatzeko blokeo patronal hori, sindikatuak azaroaren 17rako deitu duen 24 orduko grebarekin bat eginez eta egun horretako 12:00etan eta 18:00etan eginen diren mobilizazioetan masiboki parte hartuz.

Lehenik eta behin, LAB sindikatuak hitzarmen honen negoziazio prozesuan zehar Esku-hartze Sozialaren arloko plantillak egiten ari diren ahalegina eta konpromisoa nabarmendu eta eskertu nahi ditu. Bereziki azpimarratu nahi du urriaren 24ko eta 29ko manifestazioetan eta lanuzteetan kalera atera ziren guztien jarrera, bai eta gutxieneko zerbitzuetan izateagatik lanuztean parte hartzerik izan ez zenuten guztiena ere. Urrats handia eman da: Nafarroako esku-hartze sozialaren historiako lehen lanuzteak izan ziren.

Lanuzte eta mobilizazio horien helburua izan zen hitzarmen duin bat lortzea eta negoziazioaren blokeoa salatzea. Blokeo bikoitza: batetik, Gobernuak dirurik jarri nahi ez zuelako, eta, bestetik, ANEIS patronalaren justifikaziorik gabeko eskakizunengatik.

Bada, Nafarroako Gobernuak dagoeneko jakinarazi du lehen hitzarmen kolektiboa finantzatuko duela. Zenbakiak egin behar ditugu, baina pozik hartu dugu albistea. Gure ustez, finantzaketa-bidea bideratua dago. Hala ere, ANEIS patronala tematua dago bere proposamenarekin, deus ere aldatu gabe, azken negoziazio bileran eta agirian ikusi genuen bezala.

Beharrezkoa iruditzen zaigu langile guztiei gogoraraztea ANEISen proposamen hau sindikatuek uztailaren 1eko negoziazio-bileran aho batez egindako eskaeraren ondorioa dela, Gobernuak hitzarmena finantzatzeko iturria itxita zegoenean egina. Egun hartan, ANEISi eskatu genion proposamen bat egin zezala patronalak Nafarroako Gobernuaren finantzaketarik gabe eskain zezakeenaren arabera. Bada, proposamen hori uztailaren 22an helarazi ziguten, eta gaur egun mantentzen duten eskaintza bera da, panorama erabat aldatu bada ere. Zertara jolasten ari zarete?

ANEISek argudiatzen zuen Gobernua zela errudun nagusia, hitzarmena finantzatzen ez zuelako, eta horregatik egiten zituela eskakizun horiek (nahitaezko arbitrajea, plegu berrietatik aurrera aplikatzea eta salatu ditugun justifikatu gabeko gainerako eskakizunak), sindikatuen aldarrikapenei kasu egiteko finantzaketarik ez zegoelako. Hala ere, orain ikusi dugu dena aitzakia bat besterik ez zela. Gobernuak finantzazioa, lizitazio berriak eta esleipenak iragarri ditu 2021eko uztailetik aurrera, baina ANEISek bere proposamen duingabearekin jarraitzen du. Zergatik?

Patronalaren proposamenak ez dio erantzunik ematen oinarri-oinarrian dagoen eskakizunari: esku-hartze sozialerako eraginkortasun orokorreko hitzarmen bat izatea. Azken finean, horretarako balio dute hitzarmenek: alde guztiei betebeharrak ezartzeko, ez bakarrik langileei. Hitzarmena noiz, nola eta nori aplikatzen zaien kanpoko agenteen esku segitzea nahi dute. Gainera, ANEISen proposamenarekin, hitzarmena inoiz aplikatuko ez zaien zerbitzuak egongo dira: Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zerbitzua, Xilemak kudeatua, eta Adingabeen Harrera Zentroa, Ilundainek kudeatua. Hau ez da hitzarmen bat.

Gure analisia egokia zen. Hori ezin zen sinatu, eta oraindik ezin da sinatu. ANEISen proposamena sinatu izan bagenu, ez genukeen lortuko Nafarroako Gobernuak hitzarmena finantzatzea, diru hori ez litzateke existituko. Oso argi daukagu salaketa publikoari eta gizarte-mobilizazioari esker baldintzak sortzen ari garela prekarietate-egoera iraultzeko eta hitzarmen duin bat lortzeko.

ANEISek hitzarmen bat nahi du bere behar partikularretarako, baina behar horiek ez dira kudeatzen dituzten funtsezko zerbitzu publikoen beharrak, ez plantillenak, ez erabiltzaileenak. Horrela daude zerbitzuak, horrela gaude profesionalak eta erabiltzaileak, eta, bestela, galde dezatela. Azken hamarkadetan izandako etekinak erabiltzen dituzte “Zerbitzu sozial pribatizatuen merkatuan” hobeki kokatzeko eta hobeki lehiatzeko. Diru publiko hori langileei lapurtu digute, eta haietako batzuen soldatak igotzeko erabili dute. Eta gero demagogoak deitzen digute. Bakoitzak bere ondorioak atera behar ditu. ANEISek hitzarmen hau bere interesetarako nahi du, hobeki kokatuta jarraitzeko, bere kortijo partikularraren jabe izanik. ANEISekoak, jarrera horrekin, gizarte-arloaren jauntxoak baino ez dira.

Konponbidea sinplea da. Ez dugu beste munduko ezer eskatzen, ez dugu ANEISek proposatzen duen esperimenturik nahi. Araba, Gipuzkoa edo Bizkaikoaren moduko hitzarmen bat eskatzen dugu. Esaten zuten ezinezkoa zela, hemen Gobernuak finantzatzen ez zuelako. Orain, ordea, badugu finantzazioa. Has gaitezen negoziatzen. Sektorerako hitzarmen bat behar dugu, txeke zuririk gabe (ez da baldintza ekonomiko bakar bat ere aplikatuko plegu berriak egin arte), ez eta barra librerik ere enpresentzat (enpresa batek ere ez du ezer aplikatuko, nahiz eta horretarako gaitasuna izan gaur egun). Onartuko dugu, Euskal Autonomia Erkidegoan egin zen bezala, borondatezko arbitrajedun akordio iragankorrak egitea behar duten enpresentzat, kontratu publiko berriak indarrean sartu arte.

ANEIS ez da arrazoibidean sartzen, dena nahi dute. Gobernuari eskatzen diogu kontuan har dezala nolako enpresekin ari den azpikontratatzen. Izan ere, gaur egun, haiek dira blokeo honen erantzule bakarrak.

Hori dela eta, halako bidegabekeriei erantzuteko, azaroaren 17an 24 orduko greba deitu beste erremediorik ez dugu. Egun horretan, manifestazioak egingo ditugu eguerdiko 12: 00etan eta arratsaldeko 18: 00etan. ANEISek ezin digu lapurtu gure lan-baldintzak duinduta ikusteko daukagun ilusioa eta borondatea. Denok kalera!

Gehiago