Langile migrante baten lan heriotza salatu eta Nafarroako landa eremuko esplotazioa amaitzeko neurriak exijitu ditu LABek
LAB sindikatuak elkarretaratzea egin du gaur Iruñean, Lan Ikuskaritzaren egoitzaren aurrean, iragan irailaren 15ean Zarrakaztelun gertatu zen 62 urteko langile migratzailearen heriotza salatzeko eta Nafarroa Garaiko landa eremuan izaten diren esplotazio eta prekaritate egoerak buka daitezen berehalako neurriak jar ditzaten eskatzeko.
2021-ko irailak 23
Lehenik eta behin LABek adierazi nahi du Zarrakaztelukoa ez zela trafiko istripu soil bat izan. Lan istripua izan zen, lan segurtasunerako araudiak berak in itinere istripuak lan istripu bezala katalogatzen baititu. Baina, gainera, sindikatu honek lortutako informazioaren arabera, hainbat itzal daude gertakari honen atzean, mahai gainean jarri nahi dituenak.
Hona hemen LABek bildu ahal izan duen informazioa:
• Arturo Rojas Castaños 62 urteko langile migranteak egoera laboral ezegonkorra bizi zuen. Lau kontratu ezberdin izan zituen udan zehar, horietako bi erregimen orokorrean eta beste bi nekazaritza erregimen berezian.
• Azken kontratuak Caparroson kokatzen du bere aktibitatea, baina ez dago argi nora zihoan lanera istripua izan zuen goiz hartan. Izan ere, abiatu zen Figarol herritik Caparrosoraino 30 kilometro daude.
• Enpresarekin zuen harreman kontraktuala irailaren 12an agortutzat eman zen eta, ondoren, ezaguna ez den data batean, prorrogatua izan zen irailaren 15 arte; heriotzaren egunera arte, alegia.
• Hildakoak, hegoamerikar jatorriko beste langile talde batekin batera, Zarrakaztelu inguruko mendialdeko txabola batean lo egin izan zuen, baldintza kaskarretan.
• Bere bizitzaren azken egunetan Figarolen hartu zuen aterpe eta bertatik hainbat kilometro egiten zituen bizikletaz. Goizeko ibilbidearen zati bat ilunpetan egin behar izaten zuen, bere burua arriskuan jarriz; hain zuzen ere, istripua goizeko 6:48ean gertatu zen.
Aipatutako egitateak kontuan hartuta, LAB sindikatuak honako galdera hauek plazaratu nahi dizkio Lan Ikuskaritzari:
• Zein zen langilearen kontratazio egoera?
• Heriotzaren unean kontratupean zegoen? Noiz utzi zen bertan behera istripua izan baino hiru egun lehenago emandako baja agindua?
• Nora zihoan lanera? Bazihoan leku horretan betetzen da prebentziorako legedia? Badaude jasoak arriskuak eta neurri prebentiboak ebaluazioan? Formakuntzarik jaso zuen? Osasun zaintzarik?