LABen ustez deslokalizazioari buruzko legea Parlamentuan edukiz hustu dute
“Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresen deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko Foru Legea” onartu du gaur eguerdian Nafarroako Parlamentuak, PSN, Geroa Bai, EH Bildu eta Podemos eta Izquierda-Ezkerraren aldeko botoekin. Baina LABek ez du begi onez ikusten lege hau. Bere esanetan, EH Bilduk egin zuen lege proposamenari sindikatu honek egin zizkion ekarpenak ez dituzte gainontzeko alderdi politikoek aintzat hartu, eta ondorioz, onartutako legea, edukiz hustu dela uste dute.
2020-ko azaroak 26
LAB sindikatuak behar-beharrezkotzat jotzen du enpresen deslokalizazioa eragotziko duen lege bat. Nafarroako Gobernua ez da batere eraginkorra ehunka langileren enpleguak defendatzeko diru laguntza publikoetan milioiak jasotzen dituzten multinazionalen aurrean, ondoren, lanpostuak suntsitzeko, lantegia alde bakarretik eta inolako erantzukizunik gabe itxiz. Horrek agerian uzten du multinazionalek gobernuek baino botere handiagoa dutela. Horregatik, nahitaezkoa da lege bat izatea laguntza publikoen onuradun diren enpresak deslokalizatzea saihesteko.
Bide horretan, LABek ontzat jo zuen EH Bilduk eginiko lege proposamena, baina eskatu zuen helburuetan gehiago sakontzeko eta, horregatik, hainbat proposamen egin zizkien alderdi guztiei. EH Bilduk bakarrik jaso zituen LABen proposamenak, eta bertze alderdiek gure ekarpenak jaso ez eta, gainera, edukiz hustu dute hasierako proposamena.
PSNk, Geroa Baik eta Podemosek zergatik ez dute babesten, LABek eskatu bezala, azpikontrataritako langileak kontuan hartzea (batez ere enpresa nagusiaren deslokalizazioaren ondorioz beren enplegua suntsituta ikusten duten emakumeak)? Zergatik ez dute nahi kontrol, jarraipen eta ebaluazio mekanismo zorrotzak ezartzea lege hau benetan eta eraginkortasunez betetzeko? Zergatik uzten dute atea zabalik I+G+b arloko diru-laguntza guztiak (milioi euroak) lege honetatik kanpo uzteko? Horiek dira Nafarroako gizarte osoari zor dizkioten erantzunak.
Herritarrek, eta sindikatu honek, nahi dute diru publikoa jasotzen duen enpresa bat langileen etorkizunarekin konprometitzea eta haien enpleguak bermatzea; eta Gobernuak kontrol neurriak hartzeko eta diru publikoa berreskuratzeko gaitasuna izatea, zikoizkeriaren eta enpresa-boterearen aurrean. Baina gaur onartu duten legeak ez du halakorik lortuko. Eta, horregatik, LAB sindikatuak mobilizatzen jarraituko du, errealitate hau aldatzeko, enpresen diru-goseari amaiera emateko, enpleguak defendatzeko eta langile guztientzako etorkizun duin bat lortzeko.