LABek eta ELAk salatu dute patronalak Garbiketa hitzarmena blokeatua duela, duela bi urte iraungi zen arren
Garbiketa sektoreko langileek gaur arratsaldean elkarretaratzea egin dute Iruñean, Ospitale Gunean eta LAB eta ELA sindikatuen deialdiari erantzunez, patronalak hitzarmena blokeaturik duela salatzeko, ez baitie erantzuten sindikatuek behin eta berriz egin dizkioten bilera eskaerei. Egungo egoera da badirela bi urte hitzarmena iraungita dagoela, patronalak alderdi sozialaren proposamenak errefusatuta eta martxotik bertan behera utzitako negoziazioekin.
2020-ko abenduak 17
“Pandemiak agerian utzi du Garbiketetako langileek gizartearentzako funtsezkoa den zerbitzua ematen dutela, eta, beraz, ezin dela gehiago atzeratu lan-baldintzak duintzeko hitzarmena izatea”, aldarrikatu dute sindikatuek. Hori dela eta, gaur Ospitale Gunean kontzentratu dira hitzarmen sektorial bat eskatzeko. Hitzarmen horretan, KPItik goitiko soldata-igoerak, %100eko baja-osagarria, partzialtasuna amaitzeko neurriak, antzinatasuna hobetzekoak eta urteko lanaldia murrizteko neurriak jasoko lirateke. “Neurri horiek guztiek bilatzen dute langile hauek funtsezkoak direla aitortzea eta soldata arrakala bukatzea”, adierazi dute LAB eta ELA sindikatuek ohar batean.
Gaurko elkarretaratzeaz gain, Garbiketetako langileek mobilizatzen segituko dute “hitzarmen duina lortu arte”. Hurrengo elkarretaratzeak urtarrilean izanen dira, NUPen eta CENen.
Gehiago

Pasaiako Badiaren biktimen senideek aitortza ondoren justizia lortu behar dela aldarrikatu dute

Burlatako Gaztetxeak manifestazio bat eginen du nahiz eta Udaletxeak desalojoaren aukera baztertu eta negoziatzeko prest agertu den
