LAB: “Glovoko langileen lan-harremana aitortzeak lehen urratsa baino ez du izan behar sektoreko lan-baldintzak hobetzeko”

LAB sindikatuak jakinarazi duenez, Glovoren aurkako epaiketak laster burutuko dira Euskal Herrian. Glovorentzat autonomo bezala aritzen direnen eskaera judizialak aztertuko dira. Langile autonomo hauek Glovorekin duten lan harremana aitor dezaten exijitzen dute, eta enpresa honetako langile bezala har dezaten eskatzen dute.

2021-ko urtarrilak 19

Hasi dira Gizarte Segurantzak Glovoren kontrako epaiketa prestatzeko saioak. Zitatutako guztiei dei egin diete ordezkaria izenda dezaten. Honen harira, LAB langile batzuen izenean pertsonatu da eta langileak babesteko mobilizazioa egin dugu epaitegi aurrean, Bilbon.

Bizkaiko Glovo enpresako langileen epaiketa kolektiboa gero eta gertuago dago. Aste honetan, epaiketa horretan zitatutako langileei deitu zaie beren ordezkaritza izendatzeko. 200 langile baino gehiago daude deituta Lan Ikuskaritzak bultzatutako epaiketa kolektibora, eta, beraz, funtsezko puntu baten aurrean gaude, sektorean lana aitortzeko borrokan. Ildo horretan, sindikatuak iragarri nahi du epaiketara deitutako hainbat langileren defentsa gisa pertsonatuko garela, eta berretsi egiten dugu azken urteotan Glovoko langileekin egin dugun lana. Auzitegi Gorenak eta Estatuko beste toki batzuetako auzitegiek ebatzi duten bezala, lan-harremana aitortzea beste epairik ez dago.

Bizkaiko errealitatetik haratago, Nafarroan ere epaiketa kolektiboa izango da laster. Iruñeko Glovon eratutako sindikatu-atala, halaber, sektoreko langileen auto antolaketan sakontzen ari da. Donostian eta Gasteizen ere gune eta esparru espezifikoak prestatu dira sektoreko langileekin informazioa partekatzeko. Gasteizen, zehazki, hurrengo batzarra urtarrilaren 27an egingo da, arratsaldeko 16:30ean, sindikatuaren egoitzan.

Argi daukagu borroka hasi baino ez dela egin. Laboraltasuna aitortzeak lehen urratsa baino ez du izan behar sektoreko lan-baldintzak hobetzeko. LABek autonomoen kuotak, ordutegiak, soldata eta lan-osasuneko bermeak itzultzea beharrezkotzat jotzen du Euskal Herriaren esparruan antolaketa eta borroka-dinamika iraunkor bat ezartzeko, eskubide horiek lortzeko.

Hala ere, borroka hori ez da soilik epaiketa kolektiboan aipatutako langileena. Uberizazioaren fenomenoak eta, beraz, lan-harreman mota horiek beste plataforma digital batzuetan ugaritzeak zuzenean erasotzen die langile-klasearen eskubide guztiei. Eusko Jaurlaritzari, Nafarroako Gobernuari eta Estatuko Gobernuari eskatzen diegu lan-araubide orokorra aplika diezaietela mota horretako enpresei eta langileei, eta lan-ikuskaritzak eta beste mekanismo batzuk indartu ditzatela horrelako enpresen iruzurra kontrolatzeko.

LABek borrokan jarraituko du, orain arte egin dugun bezala, plataforma digitaletako langile guztien lan-eskubideen alde, bai epaitegietan, bai kalean ere. Enpresetan uberizazioaren eta ustezko autonomoen aurkako borroka egiten jarraituko dugu.

Gehiago