Jakitoki, Txantreak behar bereziak dituzten familiendako sortu duen despensa komunitarioa

Jakitoki du izena eta Txantreako herri mugimenduak sortu du auzoan beharra duten familiek jan dezaten. Txantreako despentsa komunitarioa Auzotegiren eta Auzo Zaintza sarearen arteko lankidetzatik sortu da: janaritegi kolektibo bat sortzea du helburu, gero eta bizilagun gehiagok pairatzen dituzten elikadura-beharrei aurre egiteko asmoz.

2020-ko azaroak 30

Pandemiak eta konfinamenduak azkartutako krisiaren ondorioak Txantreako ehunka auzotarren biziraupen-baldintzetan eragina izaten ari dira dagoeneko: sistema kapitalistak behin eta berriz kolpatutako langile auzo batean errealitate hau gero eta handiagoa da, eta ez da kasualitatea afekzio-indize, lan-ondorio eta ondorio ekonomiko altuenak izatea. Adibide zehatz bat da gero eta familia gehiagok ez dutela egunerokotasunerako beharrezkoak diren elikagaiak eskuratzeko aukerarik; emakumeak, atzerritar jatorriko pertsonak eta gazteak dira bizi-baldintzen pobretze horrek bereziki kaltetutako sektoreak. 1.000 pertsona inguruk zailtasunak dituzte auzoan elikagaia lortzeko; errealitate hori ezin da alde batera utzi, eta, gure ustez, aztertu, kritikatu eta horri aurre egin behar zaio auto-antolaketaren bidez.

Horren aurrean, eta egungo egoeran auzolana inoiz baino beharrezkoagoa dela hausnartuta, JAKITOKI sortu da, elkartasun, elkarlaguntza eta kolektibitatean oinarritutako komunitate-despentsa bat sortzeko. Proiektua elikaduraren problematika zehatzari erantzuteko sortu bada ere, badakigu bidean egiturazko beste arazo batzuk aurkituko ditugula (etxebizitza, aisia, arrazakeria, etab.). Horregatik, garrantzitsua iruditzen zaigu klase-elkartasuna beste esparru batzuetan antolatzea, eta espero dugu proiektu honek horri ekarpen egitea.

Ekimenak asistentzialismoa gainditu eta komunitate antolatu, kontziente eta solidarioa eraiki nahi du. Horregatik, elikagaiak biltzeaz eta banatzeaz gain, sistemari kritika egiteko eta egoera publikoki salatzeko ildo bat garatuko dugu, langabeziari, pobreziari, gizarte-bazterketari eta abarri buruzko datuen analisia eta oihartzuna eginez. Ez da onargarria auzoko 1.000 bizilagunek oinarrizko elikadura lortzeko zailtasunak izatea eta hori etxe barruan ezkutatutako errealitatea izatea.

Inor atzean ez uzteak lehentasuna izan behar du eta, autokritikatik ere, uste dugu auzoko herri mugimenduak asko duela emateko zentzu horretan. Horren parte gisa, gure ustez, egungo egoera sozioekonomikoan ezinbestekoa da elkartasun-sareak ehuntzen hastea, salaketa hutsetik dauden behar zehatzak asetzera pasatuz. Autokritika egiten dugu hain berandu iristeagatik, beste esperientzia batzuei orain arte arlo horretan egindako lana aitortuz, baina irmoki sinetsiz asko dugula emateko.

Elikagaien lehen bilketa masiboa Txantreako Eguna izango da, abenduaren 12an. Uste dugu data berezi hau baliagarria izan daitekeela JAKITOKIaren garapenean mugarri txiki bat ezartzeko; izan ere, Auzoko Egun desberdin samarra biziko dugu, baina beste behin ere auzolanez eta elkartasunez betea.

 Horretarako, egun horretan bilketarako hiru gune nagusi aurkituko dituzue goiz osoan zehar: Lareki zaharraren parean, Txantrea plazan eta Piramideen plazan. Bilketa-gune horietan boluntarioak aurkituko dituzue, proiektua azaltzeko eta parte hartzeko beharrezko argibideak emanen dizkizuetenak. Bestalde, saltoki txikiekin egindako lankidetzari esker, hainbat denda txikitan ere JAKITOKIari ekarpen egiteko aukera izango duzue.

Lehen bilketa honetarako gonbidapenaz gain, proiektuaren epe luzerako funtzionamenduan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu, boluntario gisa, helbide honetan: jakitoki2020tx@gmail.com. Esku asko beharko dira biltzeko, banatzeko, propaganda egiteko, etab.; beste behin ere, auto-antolaketaz tokatzen zaigu miseriazko eta isolamenduko bizitzetara kondenatzen gaituen sistema honen aurrean. Definitzen ari den proiektua denez, oraindik ezin ditugu egin beharreko lan guztiak zehaztu, beraz, aurrerago jarriko gara harremanetan izena eman duten pertsonekin, hainbat aukera proposatzeko, proiektuaren beharren eta norberak hartutako konpromisoen arabera.

Atxikimendu zerrenda:
–Krispilak
-TX bizi
-Jai batzordea
-Kiliki eta erraldoien konpartsa
-Talde feminista
-Karranka neska gazteak.
-Txantreako Ernai
-Txantreako Gazte Koordinadora Sozialista
-Eunateko Ikasle Abertzaleak
-Lubaki
-AuzoZaintza Sarea
-Kaskalluetako junta
-Armonia peñako junta
-Arga auzo elkartea.
-Txantreako Gazte Komunistak
-Auzotegi Kultur Etxea

Auzoko egoeraren inguruko hainbat datu:
-Auzoko 189 familiek etxebizitza arazo larriak dituzte.
-Auzo unitateak 2344 pertsona artatzen ditu egun.
-Auzoko 800 pertsona baino gehiagok elikagaiak behar dituzte egunero.
-22949 langabe Iruñerrian, martxoan baino 4000 gehiago.
-Iraupen luzeko 10335 langabe Iruñean.

Gehiago