Iruñeko etxez etxeko laguntza zerbitzuaren udal kudeaketa zuzen eta eraginkorraren alde egin du Udaleko langile batzordeak

Navarra Sumak eta PSNk enpresa publiko bat sortu nahi dute gaur egun Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuan langile publikoek egiten duten lana garatzeko. Iruñeko Udaleko Langile Batzordeak ez du proposamen hau begi onez ikusten eta zerbitzu publikoak indartzeko eta zerbitzu horiek ematen dituzten langileen baldintzak hobetzearen aldeko adierazpena kaleratu du.

2021-ko otsailak 11

Pandemiak agerian utzi du osasun publikoak eta pertsona ahulen, adinekoen eta mendekoen zaintzak okerrera egin dutela, azken urteotako pribatizazioen eta aurrekontu-murrizketen ondorioz. Herritarrak arazoaz eta osasun zainketen garrantziaz ohartu dira, bai eta zerbitzu publikoak indartzeko eta zerbitzu horiek ematen dituzten langileen baldintzak hobetzeko beharraz ere.

Jende asko bidean gelditu bada ere, argi gelditu da ausarkeria handia dela pertsona ahulen, mendekoen eta adinekoen zainketa irabazi-asmoa duten enpresa pribatuen esku uztea.

Baina, hala ere, badira ikasgaia ikasi ez duten edo laster ahaztu duten pertsonak, erantzukizun politikoak dituztenak gainera, hala nola Iruñeko Udaleko Navarra+ eta PSN udal taldeak.

Bi talde horiek berriki jakinarazi diote Enpresa Batzordeari Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuaren (EMAD) udal taldearen kudeaketa enpresa publiko baten esku uzteko asmoa dutela, eta enpresa horri eskualdatuko litzaiokeela, orobat, langileen plantilla.

Esaten dute egungo eredua garestia eta errentagarritasun gutxikoa dela, kontuan hartu gabe dauden hutsuneak eta arazoak Udalaren beraren erantzukizuna direla:
Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuaren funtsezko arazoa Udalaren kudeaketa txarra da, orain arte ez baita gai izan eskura dauden giza baliabideak eraginkortasunez eta efizientziaz zuzentzeko eta antolatzeko, ezta horretarako behar diren baliabideak eskuratzeko ere. Eta gauzak okerrago joan ez badira, langileen prestasunari, konpromisoari, esperientziari eta profesionaltasunari esker izan da.

Aldi baterako kontratazio asko egiten dira beharrezkoak ez diren ordezkapenetarako, eskura dauden giza baliabideak hobeto antolatu beharrean.

Ez dago programa informatiko egokirik eskuragarri dauden langileen datuak ordezkapen-beharrekin azkar gurutzatzeko.

2016an udal tasen irizpideetan izandako aldaketen ondorioz eta, batez ere, COVID-19aren ondorioz, zerbitzuaren erabiltzaileen kopurua murriztu egin da, eta, horregatik, plantilla gaindimentsionatua dago gaur egun. Egoera aprobetxa zitekeen zerbitzuak dibertsifikatzeko eta zabaltzeko, baina ez da horrelakorik egin.

Absentismo-indize handia dago, non eragina baitute langileen batez besteko adinak, aurretiko patologiek, lanaren antolaketak edo lan soziosanitarioaren eskakizun fisikoek. Arazoaren arrazoiak aztertu behar dira konponbideak bilatzeko. Etxeko Laguntza Zerbitzua udalaren esku egon den 4 urte hauetan, inplikatutako udal arloek ez dute absentismo-tasa handiaren arazoa helburu gisa hartu.

Antolaketa-arazoak ez dira konpontzen zuzeneko kudeaketaren ordez enpresa publiko bat jartzeagatik. Zuzeneko kudeaketa izan edo zeharkako kudeaketa izan, arazoek hor jarraituko dute, harik eta talde egoki bat jarri arte zerbitzuaren buru, arazoak diagnostikatu eta konponbideak bilatzeko eta zerbitzua eraginkortasunez eta efizientziaz zuzendu eta antolatzeko gai dena.

Errentagarritasunaz ari direnean, nolako errentagarritasunaz ari dira? Errentagarritasun ekonomikoaz edo errentagarritasun sozialaz? Izan ere, errentagarritasun ekonomikoari lehentasuna ematea, pertsona kalteberak, mendekotasuna dutenak eta adinekoak zaintzeari buruz ari garenean, izugarrizko ausarkeria iruditzen zaigu.
Kontua ez da baliabide publikoak nolanahi xahutzea; ados gaude baliabide horiek eraginkortasunez eta efizientziaz kudeatu behar direla esatean, eta helburua hori bada, gure laguntza izanen dute. Baina enpresa publikoa sortzearekin bilatzen dena kostuak merkatzea bada, langileen lan baldintzen eta zerbitzuaren kalitatearen kontura, aurre-aurrean izango gaituzte.

Horri dagokionez, oso esanguratsua da urtarrilaren 26an egindako Herritarren Gaietarako Batzordean Navarra Sumak eta PSNk adierazpen baten aurka bozkatu izana; adierazpen horren bidez eskatzen zen Udalak konpromisoa hartzea Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko langileek eskuratutako lan baldintzak mantentzeko. Eta, esan bezala, talde horiek aurka bozkatu zuten.

Gehiago