”In itinere” istripuak lan-istripuak direla ohartarazi du LABek Azkoien moto istripu batean hil zen gizon baten heriotzaren harira
Azkoienen 37 urteko langilea hil zen atzo moto istripuz lanera zihoala. 2021ean Euskal Herrian hildako 45. langilea da. ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE, HIRU eta CGT sindikatuek lan istripuak salatzeko ostiralean Iruñean goizeko 11:00tan Nafarroako Parlamentu aurrean deitutako mobilizazioan parte hartzeko deialdia luzatu diote langileriari.
2021-ko irailak 7
LAB sindikatutik gure elkartasuna eta babesa helarazi nahi diegu hildakoaren senide, lagun, eta lankideei. Argi daukagu lan istripuak ez direla zoriak edo kasualitateak sortuak, sistema kapitalistan ematen diren lan harremanen, prekarizazioaren, lan arautegiaren eta behin behinekotasunaren emaitza dira. 2020 urtean, 77 hildako izan genituen Euskal Herrian. 2021 urtean, gutxienez, 45 hildako ditugu jada. Bistan da ardura duten patronal eta instituzioek ez dutela neurririk jartzen osasuna eta bizitza galdu ez ditzagun.
Azpimarratu nahi dugu “In itinere” arriskuak enpresetako prebentzio planetan zein arrisku ebaluaketetan, lan arrisku bezala identifikatua egon behar duela, dagozkion neurri prebentiboak emanaz. Formakuntzak ere arrisku hau aintzat hartu behar duela eta beharrezko neurriak inplantatu behar direla.
Borroka sindikalari esker “in itinere” istripuek lan istripu kalifikazioa dute, honek eragina du prestakuntza eta gainerako eskubideetan. Beraz, horrelako istripuak ematean, bere larritasuna edozein izanik, enpresari eta mutualitateari bete- behar horiek jakinarazi eta betearazi behar zaizkie.
LAB sindikatutik argi dugu, bizitza eta lan duinak behar ditugula. Lanetik onik eta bizirik bueltatzeko eskubidea dugu, eta jendarte osoarena den izurrite honekin bukatzeko bide bakarra borroka eta antolakuntza dira. Lan harremanen eta joku arauen aldaketa batetik etorriko da aldaketa, eredu berri bat gauzatu behar dugu, langileon bizitza eta osasuna lehenetsiko duen eredu bat.
Nafarroan azken egunetan 3. hildako langilea delarik, ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE, HIRU eta CGTk Iruñean deitutako mobilizazioan parte hartzeko deialdia luzatu nahi genioke langileriari. Ostiralean izango da, irailaren 10ean, 11:00tan Nafarroako Parlamentu aurrean.