Hiru garraio sindikatuak Nafarroako errepideetan ezarri nahi dituzten bidesarien aurka azaldu da
Nafarroako Gobernuak Etxegaraten eta beste 4 errepideetan soilik garraiolarientzako ezarri nahi dituen bidesariak langile horiendako beste buruhauste bat izanen direla salatu du Hiruk. Diru publikoarekin egindako azpiegiturak direla dio sindikatuak, eta sektorean jada dauden baldintza kaxkarrak eta prekarietatea areagotu egingo direla ohartarazi dute.
2021-ko otsailak 13
1 Hiru garraiolari autonomoen sindikatuak, Nafarroako errepideetan kamioiei jarri nahi zaizkien bidesarien aurkako jarrera argia adierazi nahi du, Nafar Gobernuari zuzenean esan ez dagoela egun ulertzerik nolatan sortu zaien garraiolariei beste buruhauste bat, garraioaren sektorea zigortuko duen horrelako neurri bidegabea ezarrita eta garraiolariak foru erkidegoko errepideak bi aldiz ordaintzera behartuta.
2 Hiruren iritziz, azpiegitura publikoak diru publikoarekin ordaindu behar dira, osasungintza, hezkuntza eta oinarrizko beste zerbitzu batzuk finantzatzen diren bezala. Administrazioa, ordea, behin eta berriro, garraiolariek soilik ordainduko duten bidesaria jartzen ari da. Orain, aurretik beste toki batzuetan bezala, Etxegarateko Nafarroako aldean eta foru erkidegoko jario handiko beste lau errepidetan. Jakina da, garraiolariarentzat gastu bat gehiago dela eta zaila dutela kostu horri aurre egiteko.
3 COVID19ak eragindako krisi garaian beste sektore batzuk laguntza publikoak jaso dituzten bitartean, garraiolariei beste gastu bat gehitzea ulergaitza da Hiru sindikatuaren iritziz. Kontuan izanik, ezin dutela gero, bidesarietan ordaindutakoa bezeroaren fakturan gehitu eta kontsumitzaileari pasa. Horrela, beraz, garraioaren sektorean jada dauden baldintza kaxkarrak eta prekarietatea areagotu egingo dira. Horretaz jabetu behar du gizarteak, garraiolariek ordaindu beharreko zergak edo bidesariak ugaritzen badira, garraioaren balioak ere gora egingo duela. Bestela, garraiolarien etorkizuna kolokan dela, alegia.
4 Igandean, otsailaren 14an Iruñean protesta bat egingo da Nafarroako zerga-ordainketan egon den aldaketaren eta peajeak jartzearen aurka. Hiru sindikatuak ez du parte hartuko ekintzaren goiburua, oinarria eta zabaldu nahi den mezua ez delako bidesarien arazoaren ingurukoa bakarrik. Argi adierazi nahi du, hala ere, horrelako neurriak martxan jartzearen aurka lanean jarraituko duela garraioaren arloko ordezkari eta elkarteekin.