Elkarte ultra-erligioso batek Abel Azkonaren aurkako jarritako salaketa artxibatu dute berriro

Abokatu Kristauak elkarteak salatu zuen artista, sentimendu erlijiosoen aurkako delitua egotzita, erakusketa batean 'pederastia' hitza ostiekin idazteagatik, Bergan (Katalunia).

2021-ko apirilak 15

Abel Azkonak berak sare sozialen bidez eman du justiziaren erabakiaren berri: Bergako (Katalunia) auzitegiak erabaki du Abokatu Kristauak elkarteak haren aurka zabaldutako auzia artxibatzea, hiri horretan ostiekin pederastia hitza osatzeagatik, erakusketa batean.

Nafarroako Probintzia Auzitegiak 2017an artxibatu zuen Azkonaren aurkako beste auzi bat, obra beragatik. Kasu hartan, Nafarroako Eliza Katolikoak, Abokatu Kristauak elkartearen eta Espainiako Gobernuaren ordezkaritzaren babesarekin, kereila bat aurkeztu zuen artistaren aurka, profanazio eta erlijio sentimenduen aurkako irain delituak egotzita, 2015ean Iruñeko Erorien Monumentuan obra jartzeagatik.

Hala ere, Abokatu Kristauak taldeak tematuta jarraitu zuen, eta artistak obra Bergara (Katalunia) eraman zuenean, han jarri zuen haren aurkako kereila. Bergako epaileak hiru aldiz deitu zuen Azkona deklaratzera, baina hark desobedientzia egitea erabaki zuen, eta auzitegira ez joatea. Horiek horrela, Lisboara alde egin behar izan zuen, haren aurkako bilatze eta atxilotze agindua ezarri zutelako.


“Egun handia”

Azkenik, artistak atzo jakinarazi zuen haren aurkako auzi guztiak itxita daudela jada. “Gaurkoa egun handia da. Kausa erabat artxibatu dutela baieztatzen digute. Nahiz eta hiru zitazioetara joan ez, epaileak artxibatu egin ditu hasierako kereila, bilatzeko agindua eta justizia oztopatzeko kereila. Lisboa utz dezaket eta Espainian askatasun osoz bizi”, adierazi zuen.

Gehiago