ELAk Mtorresen 63 pertsona kaleratzeko akordioa errefusatzen du eta epaitegira jotzea aztertuko du
Gaur egin den bozketaren "berme eskasez" ohartarazten du sindikatuak. ELAk "enpresaren zekenkeria" kritikatu eta ez forman, ez funtsean legearekin bat ez datorrela iritzita, enplegu-erregulazioko espedienteari helegite judiziala ezartzea aztertuko duela iragartzen du.
2021-ko martxoak 15
ELAk salatua zuen enpresaren negoziazio-asmo txarra prozedura osoan. Fede txar hori beste behin ere frogatuta geratu zen atzo, igande arratsaldean, ordubete baino gutxiagoko aurrerapenarekin Negoziazio Batzordea posta elektronikoz deitu zuenean, ostiralean prozesua akordiorik gabe amaitutzat eman ondoren. Nahiz eta ELA ez zegoen, deialdirik jaso ez zuelako, bai MTorreseko zuzendaritzak, bai CCOO eta CITE sindikatuek bilerarekin jarraitzea eta akordio bat lortzea erabaki zuten.
Lortutako akordioa gaur goizean bozkatu dute. ELAk ohartarazi du bozketa horrek ez duela gutxieneko bermerik izan; izan ere, ez da ziurtatu botoaren sekretua (posta elektronikoz egin da), ez da bermatu pertsona guztiek bozkatu ahal izatea, eta prozesu guztia enpresaren esku geratu da.
Edukiari dagokionez, ELAk ez du 63 pertsona kaleratuko dituen akordioa onartzen. Sindikatuaren ustez, arazo koiuntural baten aurrean gaude, egiturazko irtenbide bat eman zaio eta enpresak baliatu du lantegitik zein pertsona ateratzen diren aukeratzeko, borondatezko irteera pizgarriei inolako aukerarik eman gabe.
ELAren ustez, guztiz onartezina da milioi askoko irabaziak izan dituen eta azken urtean 28 milioi inguruko dibidenduak banatu dituen enpresa batek 63 pertsona kaleratzea proposatzea, enpresaren bideragarritasuna eta enplegu osoaren bermea bermatuko duten formula eta proiektu ekonomikoen alde egin beharrean. ELAk ez ditu egiaztatutzat jotzen enplegu-erregulazioko espedientea aurkezteko arrazoiak, haren negoziazioa irregulartasunez beteta egon da, eta ez du baztertzen helegite judiziala.