ELAk Lan Osasuneko Institutuaren eta Lan Ikuskaritzaren plantillak handitzea eskatu dio Nafarroako Gobernuari

Aranaratxen (Nafarroa) langile bat hil ostean, patronalak "onura ekonomikoa lehenesten jarraitzen duela" salatu du ELA sindikatuak, "langileen segurtasuna eta osasuna bermatu beharrean".

2020-ko azaroak 25

ELAk beste heriotza baten berri izan du Nafarroan. Noi Montajes Eléctricos enpresako langile bat da, eta atzo arratsaldean hil zen Aranaratxen, Lizarraldean, goi-tentsioko linearen ordezkapen lanetan ari zela elektrokutatua izan ondoren.

Azken heriotza horrekin, gutxienez 9 pertsona galdu dira beren lanpostuetan 2020an Nafarroan, 55 Hego Euskal Herri mailan. Gainera, Joaquin Beltran Zaldibarko zabortegian lurperatuta dago oraindik, eta ez dakigu zenbat pertsona hil diren lanean koronabirusa hartzeagatik. Lehenik eta behin, biktima, senide eta gertuko pertsona guztiei aitortza eta elkartasuna adierazi nahi die ELAk.

ELAk patronalaren jarrera deitoratzen du; izan ere, lan-erreformez baliatzen jarraitzen du lan-baldintzak okertzeko eta onura ekonomikoa plantillen segurtasuna eta osasuna bermatzeko betebeharraren gainetik lehenesteko. Hala, 2012tik, ezbehar-tasa % 30 handitu da, eta 2017tik, enpresek 2 milioi euro baino gehiago pilatu dituzte lan-arriskuen prebentzioari buruzko araudia ez betetzeagatik ezarritako zigorretan.

Horren aurrean, ELAk Nafarroako Gobernuari beste alde batera begiratzeari utzi eta patronalarentzat deserosoak diren neurriak hartzea eskatzen dio. Horretarako, elkarrizketa sozialeko politikak alde batera utzi, eta baliabide publikoak Laneko Osasunaren Institutuko eta Laneko Ikuskatzailetzako plantillak 50 langile gehiagorekin indartzera bideratu behar ditu.

Azkenik, ELAk lantokietan antolatzeko deia egiten du, bai eta lan-istripuen aurka eta bizitza erdigunean jarriko duten politika publikoen alde mobilizatzeko ere.

Gehiago