ELA eta LAB sindikatuek desgaitasunaren sektoreko hitzarmenaren aurreakordioa sinatu dute emandako aurrera pausoarekin pozik

ELAk positibotzat jo du akordioa, eta Gizarte Eskubideen Sailaren inplikazioa baloratu du. Akordioak KPIaren erreferentzia jasotzen du lehen aldiz sektorean, lanaldia murrizten du, derrigorrezko arbitrajea ezabatzen du, ultraaktibitate mugagabea bermatzen du eta hobekuntza sozial garrantzitsuak sartzen ditu. LABek oso positibotzat jo du akordioa aurrekoek jasotzen ez zituzten aurrerapen batzuk jasotzen dituelako eta 2.000 langile inguruko lan-baldintzak nabarmen duintzen dituelako.

2020-ko abenduak 24

ELA: “Aurrera pauso argia da”

ELA sindikatuak, sektoreko lehen sindikatuak, desgaitasunaren Sektoreko Hitzarmenaren aurreakordioa lortu du, eta UGTk eta CCOOk sinatutako aurreko hitzarmenarekin alderatuta, aurrerapauso argia da. Aurreakordioak 2020-2023 bitarteko indarraldia du, eta hobekuntza hauek jasotzen ditu:
Soldatari dagokionez, sektore honetan lehen aldiz KPIaren erreferentzia sartu da. Zehazki, 2022 eta 2023 urteetarako, funtzionarioen soldata-igoera bera izango da, eta gutxienez Nafarroako KPI bermatuko da (negatiboa balitz, zero izango litzateke).
Hitzarmenak ultraaktibitate mugagabea bermatzen du, aurreko hitzarmenean zegoen “negoziatzen ari den bitartean” adierazpena ezabatuz.
Txanda bakoitzeko lanaldi bat murriztea 2021ean, lanaldia 1.568 ordutan ezarriz.
Aurreko hitzarmenean agertzen zen nahitaezko arbitrajea kentzea; beraz, alderdien artean borondatezkoa izan beharko du.

Ordaindutako lizentziei eta baimenei dagokienez, horiek guztiak lanegun bihurtuko dira egun naturalak izan beharrean, eta horrek hobekuntza sozial handia dakar sektoreko langileentzat. Era berean, urtean 7 orduko ordaindutako lizentzia berri bat ezartzen da 3 urtera arteko seme-alabei laguntzeko, eta seme-alabak zaintzeko eszedentzia 12 urtera arte luzatzen da.

ELAk akordioaren balorazio positiboa egin du, eta akordio horrek nabarmen hobetu du UGTk eta CCOOk sinatutako aurreko hitzarmena; izan ere, lehen aldiz sartu du sektorean KPIaren erreferentzia, lanaldia murriztu du, nahitaezko arbitrajea ezabatu du, aurrera eragin mugagabea bermatzen du eta hobekuntza sozial handiak egin ditu.


LAB: “Oso positiboa da”

Aurreko hitzarmenaren indarraldia 2019ko abenduaren 31n bukatu zen; bere garaian lau urte baino gehiago iraun zuen negoziazioak. Hala ere, V. hitzarmen honetarako, urtebete baino gutxiagoko negoziazioan aurreakordioa lortu ahal izan da. Nabarmentzekoa da hasieratik lau erakunde sindikalen artean batasuna egon dela.

Azken urte honetan, patronalak ez du ezertan amore eman eta behin eta berriz errepikatu du ez zuela zati ekonomikoan ezer bermatzen Nafarroako Gobernuak bere gain hartzen ez bazuen. Hala, lau sindikatuek alderdi politikoekin bilera erronda bati ekin zioten haiei jakinarazteko zein zen negoziazioaren egoera eta nola oso zaila izanen zen aurrera egitea Gobernuak auzi ekonomikoa finantzatzen ez bazuen. Bileren ondoren, sindikatuek erabaki zuten beren aldarrikapenak gutxienekoen plataforma batean doitzea eta Nafarroako Gobernuari bidaltzea, negoziazioa errazteko. Gobernuak erantzun zuen bere gain hartuko zuela plataforma horretako eskaera gehienen kostu ekonomikoa.

Hiru alderditako bi bilera luze egin ondoren -Gobernua, patronala eta sindikatuak-, azkenean, aurreakordioa sinatzea lortu da gaur. Jakina, langileek dute azken hitza: hurrengo astean, batzar eta bozketen bidez aurreakordioari babesa emanen diote ala ez. Babesa emanez gero, hitzarmena urte bukaera baino lehen sinatuko da, Gobernuak urtarrilaren 1etik aurrera soldata-igoera bere gain har dezan.

LABek oso positibotzat jotzen ditu aurreakordioa lortu izana eta Nafarroako Gobernuak eginiko ahalegina, 2021erako langileek aurten galdu duten erosteko ahalmena berreskura dezaten. Lorpen handitzat jotzen dugu hiru urterako gutxienez Nafarroako KPIaren igoera bermatzea, deskuelgea eta ultraaktibitatea; aurreko hitzarmenetan ez ziren gai horiek posible izan. Horregatik sinatu du orain LABek lehen aldiz. Gure ustez, LABek sektorean duen ordezkaritza-portzentajea handitu izanak hitzarmen on bat lortzeko adina baldintzatu ahal izan du.

Gehiago