Banco Sabadelleko lehen greba egunak jarraipen oso zabala izan du, sindikatuen arabera
Hego Euskal Herrian jarraipena %90tik gorakoa izan da goizean, eta ondorioz ia bulego guztiek itxi dira. Ostiralean bigarren greba eguna egingo dute Sabadellek ezarri nahi duen Enplegu Erregulazioko Espedientearen kontra.
2021-ko urriak 6
“Ez dago Banco Sabadellen EEE bat ezartzeko arrazoirik; ez ekonomikoak, ez antolakuntzakoak, ez produktiboak.” Sindikatuek, irmotasun honekin adierazi nahi izan dute Enplegu Erregulazioko Espediente honekiko duten aurkakotasuna. Gaurko greba “oso jarraipen zabala” izan duela azpimarratu nahi izan dute. Eman dituzten datuen arabera, bulegoen %90tik gora itxita izan dira eta langileek kontzentrazioak egin dituzte Donostian, Bilbon eta Iruñean.
“Enpresak aurkeztutako enplegu erregulazioko espedienteak 1.730 langile kaleratu nahi ditu estatuan (1450 bulego-saretik, 35 lurralde-zuzendaritzetatik eta 245 zerbitzu zentraletatik), baina langile guztiei eragiten die. Euskal Herriko kasuan, 82 pertsonari eragin diezaioke”, diote sindikatuek.
Kopurua handiagoa zen kontsulta-aldiaren hasieran, eta apurka kopuru hori murriztuko dela aurreikusten da. “Baina hori guretzat ez da lorpen bat. Helburua EEEa bertan behera uztea baita, plantilla ez dadin murriztu, eta horrekin batera datozen neurriak ere gelditu behar dira, beste finantza-erakunde batzuen azken enplegu-erregulazioko espedienteetan gertatu den bezala”, esan dute sindikatuek. Gainera, langileak kezkatuta daude honako bi kontu hauekin: borondatezkotasuna bermatzeko mekanismorik ez dagoela, eta mugikortasun geografikoa aplikatu daitekeela.
“Enpresa urduri dago. Horren erakusgarri dira grebaren aurretik eman diren telefono- deiak eta mezu elektronikoak, grebaren jarraipenari buruzko galderak eginez. Galdera horiek greba arrakastatsua izan ez zedin ahaleginak dira”, dio ELAk zabaldu duen ohar batean. Sindikatu honen hirtzetan “enpresari jakinarazi dio horrelako ekintzek ez dutela inolako babesik, eta ezinezkoa dela grebalariak ordezkatzea. Horrelako jarrerekin jarraitzen badu edo greban dauden langileak ordezten direla jakiten badugu, dagokion salaketa jarriko da dagozkion instantzietan”.
Ostiralean, urriaren 8an, beste greba egun bat egingo dute langileek Banco Sabadellen.