Atarrabiako langile bat hil da gaur lan istripu batean, aurtengo 8. biktima

Makina batek harrapatu du 07:36 aldera, Foruzaingoak azaldu duenez. ELA eta LAB sindikatuek istripua salatu eta mobilizaziorako deia egin dute.

2021-ko otsailak 25

53 urteko gizonezko bat, Atarrabiakoa, hil da ostegun honetan Soraurengo enpresa batean, 07:36 aldera, makina batek harrapatuta, Foruzaingoak jakitera eman duenez.

Hildakoa Nafarroako Auzitegi Medikuntzako Institutura eraman dute autopsia egin diezaioten. Foruzaingoko Iparraldeko Polizia Judizialeko agenteak atestatua bideratzen ari dira eta gertakariaren arrazoiak eta dinamika ikertzen ari dira.

Istripua gertatu den lekura Foruzaingoko Polizia Zientifikoa bertaratu da begi-ikuskapen bat egitera. Iruñeko Herritarren Segurtasunerako Foruzaingoaren patruila bat ere bertaratu da, eta suhiltzaileak eta anbulantzia bat ere bertaratu dira.

Sindikatuek prekarietatea salatu dute

ELA sindikatuak ohar batean berretsi du Patronalak bere etekin ekonomikoa “langileen segurtasunaren gainetik” lehenesten duela, eta Nafarroako Gobernuak “enpresen interesen aurka doazen neurriak hartzeari uko egiten diola”. Bestetik, LAB sindikatuak gogoratu du aurten gutxienez 8 langile hil direla lanean Euskal Herrian eta Joakin Beltranek desagertuta jarraitzen duela Zaldibarreko zabortegian. Euskal gehiengo sindikalak deituta, datorren asteartean martxoak 2, goizeko 11: 00etan, Nafarroako Jauregiaren aurrean elkarretaratze bat eginen da.

Gehiago