Bi eraso sexistak salatu dituzte Beran
Joan den astean Berako bi emakumek salaketa bana jarri zuten, sexu erasoaren biktima izan zirela salatuz. Horren ondorioz, eraso sexisten aurkako protokoloa aktibatu dute Goldatz Berako Emakume Feministen Taldeak, Berako Udalak eta Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak. Gaur 20:00etan elkarretaratzea deitu dute Mukizu zubian.
2018-ko ekainak 11
Goldatzek, Udalak eta Mankomunitateak ohar bateratuan, «argi» utzi nahi izan dute «era guztietako eraso sexisten kontra gaudela eta emakumeen kontrako indarkeria orori aurre egiteko ahalik eta baliabide gehien jartzen ari garela». Adierazi dutenez, emakumeen kontrako indarkeria «patriarkatuak sortutako egiturazko arazo sozial bat da, eta horri aurre egiteko beharrezko erremintak indartzen ari gara: bertzeak bertze, protokolo bat, prebentzio politika eta autodefentsa feminista».
Gisa berean, «ezetza, beti eta edonon ezetz dela» oroitarazi dute, eta «babes osoa» helarazi nahi izan diete erasoa jasan duten bi emakumeei.