Indarkeria matxista salatzeko manifestazioa eginen du Itaiak Lizarrako jaien bezperan

2026-ko uztailak 21

Uztailaren 31tik abuztuaren 6ra Lizarrako jaiak ospatuko dira. Eta abuztu osoan zehar Lizarraldeko herrietako jaiak ospatuko dira. Jaietan eraso sexistak eta matxistak emakumeen errealitate bat direla salatu eta horien aurka agertzeko deia egin du Itaiak. “Ongi pasatzearen aitzakipean eta alkohola zein bestelako sustantzien kontsumoa tarteko, eraso matxistak gertatzeko aukerak areagotzen dira. Eta gu gara errealitate hori jasan behar dugunak. Indarkeria matxistaren eta jarrera erreakzionarioen gorakada bete-betean gaude, eta jai-giroa ez da horren salbuespen”.

Erasoen aurrean erantzun bat emateko deia egin dute, matxismoaren aurka borrokatzearekin batera. “Hain zuzen, udako erdialdera oraindik ez gara iritsi, baina indarkeria matxista kasuen balantzea kezkagarria da: San Ferminetako bi bortxaketak, Estatu mailan ematen ari diren kasu bortitzak eta zer esanik ez aurten Euskal Herria mailan emandako 4 erailketa matxistak.”

Manifestazioa uztailaren 30ean eginen dute, arratsaldeko 20:00etan Baja Navarratik abiatuz.

Gehiago