Jaiak eraso sexistarik gabe eta askatasunez gozatzeko kanpaina abian jarri du Gora Iruñea-k

"Emakumeok jai eremutan oraindik ez dugu eraso sexistarik gabeko gunerik", eta horretaz gogoeta egiteko eta alternatibak eraikitzeko hainbat proposamen luzatzen ditu Gora Iruñeak datozen hilabetetako.

2016-ko urtarrilak 31

Gora Iruñea! plataformako eraso sexisten kontrako lantaldeak kanpaina berri bat abiatuko du. Kanpaina honek “JAIAK ASKE GOZAMENEZ BETE” leloa izanen du. Otsailean hasiko da eta uztailean amaiera emanen diote. Egun jendarteak bizi duen sistema heteropatriarkalarekin lotura duten hainbat gai eta hauek eguneroko harremanetan duten eragina landuko ditu. Gora Iruñea-ren ustez, “ondorio hauek jai giroan ematen diren harremanetan areagotzen” dira.

“Oso garrantzitsua da saio hauetan parte hartzea. Izan ere, egun emakumeok jai eremutan oraindik ez dugu eraso sexistarik gabeko gunerik. Hori bultzatzen duen sistemari buruz gogoeta eta
hausnarketa egin nahi dugu, eta horren inguruko alternatiba eraiki”, adierazi dute.

Hau guztia lantzeko, hilero zenbait dinamika antolatu dira. Dinamika hauek gogoeta egiteko eta norberaren formakuntzan aurrera pausoak emateko proposatu dira. Solasaldiek , hitzaldiek, tailerrek… Gaiaren arabera tailerrak emakumeentzat baino ez dira izanen, gizonentzat baino ez edo mistoak izanen dira, eta guztiak euskaraz eginen dira.

Egutegia:
    •    Otsailaren 13an: “Maitasun erromantikoa eta ezkutuko indarkeria”. Amaia Zufia (Emagin). Mistoa izanen da.
    •    Martxoaren 12an: “Gizonak berdintasunerako bidean”. Jabi Arakama (Gizonenea). Gizonei zuzenduta.
    •    Apirilaren 9an: “Ligoteo sanoa”. Bereziki, 16-20 urte arteko gazteei zuzenduta. Oihana Beloki (Lastotan Kooperatiba). Mistoa izanen da.
    •    Maiatzaren 14an: “Identitateak dantzan mugak zabaltzen”. Xabi Sanchez (Kattalingorri) eta Oihana Lopez ( Bilgune femista). Mistoa izanen da.
    •    Ekainaren 11an: “Emakumeen ahalduntzea eta sareak. Gora Iruñea!”. Emakumeei zuzenduta. 

Saio guztiak 10.00etatik 13:00era eginen dira, Kondestable Jauregian, eta jarduera hauetaz gain, Sanferminak baino lehen Autodefentsa feministako tailerrak eginen dira.

Gehiago