15 talde osatuko dute Aske jaialdiaren lehenengo edizioaren soinu banda

Merina Gris, Neomak, Hazas, Gozategi, Kaparrak, Janus Lester, Nafarroa 1512, Streetwise, Juantxo Skalari, The Clayton, Chuleria, joder!, Dodosound, Marte Lasarte, Bisaiak eta Sustrai Berriak musika taldeak osatuko dute kartela.

2025-ko azaroak 4

Merina Gris, Neomak, Hazas, Gozategi, Kaparrak, Janus Lester, Nafarroa 1512, Streetwise, Juantxo Skalari, The Clayton, Chuleria, joder!, Dodosound, Marte Lasarte, Bisaiak eta Sustrai Berriak.

ASKE jaialdi berriaren lehen kartela 15 taldek osatuko dute. Genero anitzak eta talde euskaldun gazte zein esperientziadunak izanen dira oholtzara igoko direnak hurrengo abenduaren 27an. Baina antolatzaileek aurreratu dutenez, beste zerbait iragarriko dute datozen asteetan.

“Ez-ohiko musika jaialdi bat” bezala aurkezten du bere burua ASKEk. “Geure herri eta jendearen askatasuna aldarrikatzeko topagunea da. Aske izan nahi dugunon aterpe. Baina zer da aske izatea?”, galdetzen dute. Eta galdera horri erantzuna hauxe da: “Norbanakoaren eta gure herriaren askatasunaren ulerkera kolektiboa da gurea. Euskal Herri aske baten soinu banda sortu nahi dugu: euskalduna, feminista, antikapitalista, solidarioa… Hamarkada luzez gogor kolpatua izan da geure herria eta geure jendea. Orain, herri eta jendarte hori eraikitzeko unea da”.

Herri mugimenduaren parte direla azpimarratu nahi dute, eta ondorioz herri mugimenduaren balioak partekatzen dituztela. “Balio eraldatzaile horien eta gure nazioaren askatasun grinaren sustapena egin nahi dugu musikaren bitartez. Indibidualismoaren, handinahikeriaren, lehiakortasunaren… aurrean, auzolana eta elkarlana dugu guk lanabes. Bestelako aisialdi eta jaialdia ereduak posible direla uste dugu, eta hala egingo dugu. Elkarrekin edozer dugu posible. Elkarrekin, bi t’erdi gara”, diote, HTX jaialdiari erreferentzia eginez. Izan ere, azken Hatortxurocken edizio historikoan iragarri zen Aske jaialdiaren sorrera.

Sarrerak dagoeneko salgai

25 eta 30 euroko eskaintza berezien ostean, kartela iragarrita, 35 euroren truke erosi ahal izango dira sarrerak jaialdiaren webgunean: askejaialdia.eus.

Gehiago