Arizkun Rock, aurtengoa eta agur

Baztango rock jaialdi honen amaiera heldu da, eta azken edizioa 2023ko ekainaren 23an ospatuko da. Ohar batean, antolatzaileek azaldu dituzte erabaki honen arrazoiak.

2023-ko martxoak 6

Jaialdiaren antolatzaileek komunikatu baten bidez jakinarazi dute aurtengo 2023ko Arizkun Rock musika jaialdiaren azken edizioa izango dela.

“10 urte pasatu dira Arizkun Rock sortu zenetik. Eta horrez geroztik, milaka istorio, bizipen, pasadizo, bilera, kilometro, huts eta eten- gabeko ikaskuntza izan ditugu. Gure herrian egon diren publiko, langile, teknikari, musikari eta artistei ahalik eta esperientzia onenak eskaintzeko asmoz”, adierazi dute.

Bide erraza ez dela izan aitortu dute, baina “arras kontent eta eskertuak” daudela “proiektu hau aitzinera eramatea lagundu eta posible egin duzuen guztiekin” ere azpimarratu nahi izan dute. “Eta modu pertsonalean, urte hauetan eraikitako esperientzia eta laguntasun hauek betirako eramanen ditugu gure bihotzetan”, esan dute antolatzaileek. Esker oneko hitzak izan dituzte Arizkungo herriarentzat eta modu batez edo bestez Arizkun Rock antolatzen lagundu dutenentzat.

Jaialdiari amaiera emateko erabakia “lan-karga arras handia” delako izan da. “Urte aunitz dira eta neke-puntua gero eta nabarmenagoa. Jarraipenik ez dagoenez, ziklo hau hestea erabaki dugu. Horrela ulertzen dugu bizitza, dena hasi eta akitzen da, eta horregatik, hemen Arizkun Rocken bukaera”. Hala ere, gogoratu dute azken edizioa 2023ko ekainaren 23an izango dela, eta “maitasun eta ilusio handiz” prestatzen ari direla. “Arizkungo plazan ikusiko dugu elkar” mezuarekin bukatu dute.

Gehiago