Eraso sexisten aurkako protokoloa Donibaneko jaietan

Udaberria, eguraldi ona eta auzo eta herrietako jaiak hasi dira. Jaiak gure bizitzaren zati garrantzitsu bat dira, eta oso lotuta daude balioen munduarekin, identitateekin eta jendarte egiturarekin.

San Juan Xar elkartea

2023-ko ekainak 15

Beraz, sistema kapitalista heteropatriarkalaren egitura soziala errepikatzen den esparru bat dira: hierarkiak, botere-harremanak, diskriminazioak, rol-banaketa, eta abar. Horren ondorio zuzena da jaietan mota guztietako erasoak gertatzen direla: irainak, ukituak, abusuak, eta abar.

Donibaneko (Iruñea) mugimendu feministatik defendatzen dugu jai herrikoiek eredu erreferentea izan behar dutela gizarte askeago eta feministago baterako bidean. Gune segurua eta gozamenerako espazioa izan behar dute horietan parte hartu nahi duten guztientzat. Horretarako, auzoko jaietako eraso sexisten aurkako protokoloa sortu da; izan ere, ez dugu adierazpen sexistarik onartuko jai-eremuetan, eta, halakorik ematekotan, gure erantzuna aktiboa eta irmoa izango da.

Garrantzitsua da jendarte osoak protokolo hori ezagutzea, indarkeria sexistako kasuen aurrean nola jokatu jakiteko. Gogoratu behar dugu, halaber, 660 344 392 zenbakia 24 orduko salaketa-telefonoa dela Iruñeko auzoetako jaietan.

Gehiago