Indarkeria Sexistaren Aurkako Plataformak eta Peñek ez dute bat egingo Iruñeko Udalaren eraso sexisten aurkako kanpainarekin

Navarra Sumaren udal taldeak bere jarrera “zuritzeko” kanpaina eta protokoloa garatu dituela iritzita, Emakumeen aurkako indarkeriaren aholkularitza taldetik altxatu dira Indarkeria Sexistaren Aurkako Plataforma eta Peñen Federazioko talde feminista. “Edukiz husten ari dira hiriaren erantzuna".

2022-ko maiatzak 18

Emakumeen aurkako indarkeriaren aurrean Iruñeko Udalak hartutako jarrera gaitzetsi du dira Indarkeria Sexistaren Aurkako Plataformak. Iazko azaroan Edurne Eliok Sanferminetarako protokoloaz eta kanpainaz esandakoen ondotik, susmoa bazuten eta azken bilerek hori berretsi dutela azaldu dute. Erasoen berri emateak hiriaren irudia zikintzen duela iradoki zuen Eliok. “Kanpaina benetako iruzurra da. Berandu eta gaizki iritsi dira, berandu eta gaizki iritsi diren bezala auzoetako jaietara”, deitoratu du Iratxe Alvarezek plataformaren izenean. “Iruñea izan da eta izaten jarraituko du, halako alkatea izan arren, emakumeen aurkako indarkeriaren aurrean eman beharreko erantzunaren eta herritartasun konprometituaren adibidea”.

Aurreko ostegunean bildu zuten Emakumeen aurkako indarkeriaren aholkularitza taldea azkenekoz, eta proposamen “onartezina” egin zien udalak. Emakumearen Udal Kontseiluak berretsitako protokoloa aldatu nahi du Navarra Sumak: “Ahalmen bakarra izan nahi dute eraso sexistarik egotekotan mobilizazioak noiz, nola eta zergatik egin erabakitzeko”. Mahaitik altxatzea erabaki zuten, orduan, Indarkeria Sexistaren Aurkako Plataforma eta Peñen Federazioko talde feminista.

Kontseiluak berretsitako indarkeriaren aurkako protokoloak hiru agertoki aurreikusten ditu. Lehenengo bietan mugimendu feministaren esku geratzen da protesten antolaketa.

Emakumeen aurkako indarkeria %30 hazi da azken urtean, plataformaren datuen arabera, eta egoera “larriaren” aurrean, eraso guztiak salatuko dituztela diote, “baimenarekin edo gabe”. “Alboan nahi ez bagaituzte, aurrean izango gaituzte”, adierazi du. Emakumearen Udal Kontseiluaren ezohiko bilera galdegin du plataformak eta oposizioko talde guztiekin bilerak egin dituzte haien erabakiaren zioen berri emateko.

Adostasunik gabeko kanpaina

Iruñeko Udalak atzo jakinarazi zuen indarkeria sexistaren aurka esku gorrien kanpaina berreskuratuko dutela aurtengo Sanferminetan. Herritarren Aferen Batzordean eman zuen jakitera Maria Garcia Barbernena zinegotziak zer eginen dutena aurten. “Ez da adostutako kanpaina izan”, salatu du Alvarezek. “Are gehiago, publiko egin dituzten irudiak ez dira guri ostegunean erakutsitakoak”.

Udalak azaldu du ‘Aske, ni beti aske. Iruña, eraso sexisten aurka konprometituta’ leloa erabiliko dutela, eta 2020an sortu zutela leloa, plataformarekin adostuta. “Gezurra da hori”, deitoratu dute feministek. “Lelo hori 2021ko otsailean sortu genuen, eta ez dago Sanferminetarako pentsatuta”. Sanferminetarako kanpaina “integrala” izan behar dela iritzi dio plataformak, “indarkeriaren arazo larriaz kontzientziatzeko, auzitan jar ditzala jokabide matxistak eta argi utzi utz dezala ere gure hiria ez duela indarkeria sexista onartzen”.

Talde iraunkorra

2014az geroztik, Iruñeko Udala eta mugimendu feminista, Sanferminak Berdintasunean taldearen bitartez, koordinaturik jarduten dira eraso sexisten gaineko prebentzio lanetan. 2020an Emakumearen Udal Kontseiluak gomendatuta talde iraunkorra bihurtu zuten. Emakumeen aurkako indarkeriaren aholkularitzarako taldea, alegia. Talde hori arduratzen da Sanferminetan eta jaietatik kanpo indarkeria sexistaren inguruko aferez. “Plataforma beti egon da prest erakundeekin elkarlanean aritzeko, elkarrekin lan egiteko eta gure 25 urtetik gorako ibilbidean erabat arduratsu, leial eta konprometituta jardun dugu eta horrela jarraitu nahi dugu ahal den guztietan. Ez gara gu izan adostasuna hautsi dugunak eta ez dugu onartuko Udalaren inolako manipulaziorik horren inguruan”, azaldu du plataformak.

Gehiago