Mutiloako taberna bateko komunetan kamara izkutu batekin grabaturiko emakumeei elkartasuna adierazi diete

Mutiloako taberna batean emakumeen komunetan gizon batek grabaketak egin dizkie hainbat emakumeei, eta indarkeri mota honen aurka altxatzeko deia luzatu du Aranguren ibarreko mugimendu feministak.

2021-ko abuztuak 1

“Babes eta elkartasun osoa adierazi nahi diegu grabatuak izan diren emakume horiei guztiei: ez zaudete bakarrik, zuekin gaude!”. Hori izan da gaur eguerdian Mutiloan egindako elkarretaratzean luzatu nahi izan duten lehenengo mezua. Hamarka lagunek egin dute bat ibarreko mugimendu feministak egindako deialdiarekin.

Emakumeen aurkako indarkeria egiturazkoa dela adierazi dute, eta eraso horien aurrean erantzun egin behar dela azpimarratu dute. “Erasoen aurrean, kontzientzia eta borroka feminista dira gure tresna, eta horretan jarraituko dugu lanean. Argi dugu indarkeria matxistaren kontra mobilizazioa eta borroka beharrezkoak direla eta horretan jarraituko dugu, autodefentsa feministan! Ez dugu ausartak izan nahi, libre izan nahi dugu!”, oihukatu dute.

Indarkeria matxistak Aranguren ibarrean ez duela lekurik adierazteaz gain “denok askatasunez bizitzeko eskubidea” aldarrikatu dute, eta indarkeria matxistari aurre egiteko baliabide guztiak martxan jartzeko eskaria egin dute.

Gehiago