Nafarroan ere, poliziaren bortizkeria eskubide zibil eta politikoak defendatu!
La Vuelta-ko lau nafar auzipetuak
2026-ko ekainak 16
Duela aste gutxi, Loiuko aireportuan gertaturikoa oso lazgarria izan zen. Palestinako herria babestu eta laguntzeagatik euren bizia arriskuan jarri zuten bolondresak bortizki erasotu zituen Ertzaintzak, zenbait astez itsasoan barrena eta sionisten eskuetan lau egunez igaro ostean. Beste herrialde batzuetan Ongi Etorri Protokoloa ezarri zen bitartean, Euskal Herrian “Segurtasun” Protokoloa aktibatu zen, irudiek euren kabuz hitz egin dutelarik!
Tamalez, Euskal Herrian ohituak gaude holako egoeratara, eta hori da finean, egiten dugun akatsa, normaltasun batean kokatzen dugula, alegia: “Beste bat!”.
Gure kasuan aldiz, Foruzaingoaren errepresioak espetxeratuak izateko arrisku bizian jarri gaitu eta berriki beste isun bat jaso dugu laurok (Txantreako hiru lagunek bezala), kasu honetan, Espainiako gobernuaren partetik Kiroleko Indarkeria, Arrazakeria, Xenofobia eta Intolerantziaren aurkako Legearen bitartez.
Politikariek palestinar herriaren aldeko mezuak helarazten dituzten bitartean, hamarnaka eta hamarnaka isun bidali dituzte txalotu zituzten mobilizazio horietan parte hartzeagatik. Esaterako, Pedro Sanchezek La Vueltako herri mobilizazioen harira esandakoak: “arrazoi justu baten alde mobilizatzen ari den herria miresten dugu”.
Esanguratsua eta era berean kezkagarria da Ertzaintzak indar armatu sionistekin dituen harremanak, eta zentzu berean, Nafarroari dagokionez, Foruzaingoak hauekin dituenak. Argi dago geroz eta inpunitate gehiagorekin dabiltzatela, euren jarrera faxistak erakusten duen moduan. Ustez Nafar jendartearen zerbitzu eta babeserako beharko lukeena irain, umiliazio, isun, mehatxu, auzipetze eta bortizkeria bilakatu dira.
Aldiz, Nafarroan, Palestinaren aldeko borroka ez da errepresioaren jopuntuan dagoen kausa bakarra, hamarnaka eta hamarnaka gara, gauza bat dela edo bestea dela, polizia desberdinen bitartez isunduak, auzipetuak edo atxilotuak izan garenak: izan irakasleak, izan futbol partida bat ikustera joan direnak, izan euren lanpostuen defentsan aritu direnak, izan euren parajeetan inposatu nahi dieten azpiegituren kontra altxatu direnak, izan etxegatzeen kontra aritu direnak… gehiegi normaltasun baten baitan kokatzen jarraitzeko.
Utzi ditzagun alde batera gure diferentziak eta batu gaitezen guztiok garaile aterako garen dinamika batetara, azken finean, gauzak aldatzen ez diren bitartean, edozein momentutan guztiok euren bortizkeria jasotzeko arriskuan bai gaude!
