“Gure haurrak ere badira” ekimenaren abestia munduan gerran bizi diren haurren eskubideak aldarrikatzeko
Idoia Asurmendi eta Watson artistekin elkarlanean sortutako abestiak Palestinako haurrak ditu abiapuntu, baina munduko hainbat herritako haurren errealitatea eta eskubideak ditu gogoan.
2026-ko azaroak 19
Gure haurrak ere badira ekimenak abesti bat sortu du, munduko hainbat txokotan haurtzaroa bizitzeko aukerarik ez duten haurren egoera ikusarazteko eta haien eskubideak aldarrikatzeko.
“Gerraren, genozidioaren, indarkeriaren, gosearen eta bidegabekeriaren erdian hazten ari diren haurrak ditugu gogoan; beren etxea, familia, eskubideak eta etorkizunerako itxaropena galtzen ari direnak. Palestinako haurren errealitateari begira sortu da abestia, baina haren mezua harago doa: Palestina, Libano, Siria, Mendebaldeko Sahara, Kuba eta zapalkuntza nahiz bidegabekeria pairatzen dituzten herri guztietako haurrak hartu nahi ditu gogoan. Izan ere, haiek ere gure haurrak dira”, azaldu dute.
Abestia Mitxel Elortza ekimeneko kideak konposatu du, eta Idoia Asurmendi eta Watson artistekin elkarlanean sortu da, haur ugariren parte-hartzearekin. Musikaren bidez, haur guztiek jolasteko, amets egiteko, maitatuak izateko eta aske bizitzeko duten eskubidea aldarrikatu nahi du ekimenak.
Abestiaren aurkezpenarekin batera, Gure haurrak ere badira ekimenak herritarrak, ikastetxeak, elkarteak eta bestelako eragileak gonbidatu nahi ditu kanta zabaltzera eta aldarri kolektibo bihurtzera. Horretarako, abestia ikasgeletan, etxeetan eta erakundeetan abesteko proposamena luzatu du, baita kantaren bideoak sare sozialetan partekatzekoa ere, @gurehaurrakerebadira kontua aipatuz eta #HerrienArtekoElkartasuna eta #GureHaurrakEreBadira traolak erabiliz.
“Zenbat eta ahots gehiago batu, orduan eta ozenago entzungo da aldarria. Abestiaren bidez, haur guztien eskubideen aldeko elkartasun-sarea ehundu nahi du ekimenak, munduko haur guztiak gure haurrak ere badirela gogoraraziz”, gehitu dute.
