Mutildantzetan ematen den genero bazterketari begirada bat

Aurten, azken urteetan bezala Baztango jauziak egiten diren plaza guziak dantzariz bete dira.

Plazara Dantzara Herri Ekimena

2019-ko irailak 10

Elizondoko herriak bestetako programan argi utzi zuen: Elizondoko elizaren inguruan edo bertze edozein lekutan ematen den emakumeekiko bazterketa salatu nahi dugu eta (…) egiteari uztea eskatzen diegu. Baztandarren Biltzarrak ere bai: B.B. elkarteak ez du mutildantza baztertzailerik babestuko. Hala ere gizon talde batek bizkar eman nahi izan dio Baztanen gero eta zabalagoa den eskaerari eta berriz ere mutildantza baztertzaileak antolatu zituzten Elizondoko bestetan.

Bazterketarekin tematuak zirela ikusirik, horrekin akitzeko modu bakarra ekintza zuzena zela erabaki genuen: 26an arratseko 20:00tan 30 bat feminista bazterketa gauzatzeko erabiltzen duten elizako eremuetara hurbildu ginen dantzatzeko prest. Baztertzaile batzuk aunitz urtez bakarrik dantzatu zuten; bertze batzuk billantziko bakarrik; eta bakar batzuk saio osoan zehar gurekin dantzatu ziren. Pausu hori eman dutenek errez dute herrietako plazak aniztasunez betetzeko.

Elizako jardinetan emakumeekin dantzan ibili ziren batzuk biharamunean plazan mutildantza parekideetan parte hartu beharrean, ikastolako parkera joan ziren dantzatzera. Zergatik? Tarte batean baztertzeari uzteko gai direla erakusten badute ere, beren jarrera matxistarekin segitzea erabaki dutelakoz.

Aukera dute honekin akitzeko. Aukera dute oraingo eta etorkizuneko Baztanen lehenbailehen laketzeko. Aukera dute behingoz herritar guziendako bestetako partaide izateko. Horretarako botere guneak partekatzeko prest egon beharko lukete ere bai, baina horixe da patriarkatuarekin bat egitearen ondorio bat: boterea emakumerik gabe gizonen esku mantendu nahi izatea.

Horregatik hamaikagarrenez gonbidatzen ditugu elizaren atean egin zutena herritarren babesarekin herrietako plazetan egiterat. Heldu den urtean nahi duten tokian elkartuko gara.

Gehiago