Emakume langileok borrokara!

ITAIA Iruñerria

2024-ko martxoak 6

Gero eta gizarte aurrerakoiagoan bizi garela sinestarazi nahi diguten arren, errealitatea guztiz bestelakoa da, emakume langileok zapalduak izaten jarraitzen baitugu: egiturazko langabezia, etxeko zaintza lanen zama, indarkeria matxista, gure gorputzen objektibizazioa,… dira horren adibide, besteak beste.
Aipatzekoa da ere gaur egun indarkeria matxista gazteen artean forma desberdinetan zabaltzen ari dela, eta teknologia berrien garapenak horretan paper garrantzitsua jokatzen duela. Horrekin loturik, pornografiak (eta haren forma berriek) gazteengan duen eragina eta betetzen duen funtzio soziala aipatzea ezinbestekoa da. Izan ere, pornografian ikusten dutena da exekutatzen dutena. Eduki hau gero eta eskuragarriago dago eta gazteak gero eta adin txikiagoarekin hasten dira guztiz biolentoa den eduki sexuala kontsumitzen, eta horrek guztiak emakumeon sexualizazioan sakontzen du. Egoeraren dimentsio eta larritasunaren adierazle dira esaterako, pornografia kontsumitzen hasteko adina 8 urteetara jaitsi dela eta bataz bestekoa 14 urteetan kokatzen dela.
Gazteen artean, beraz, tendentzia dikotomiko oso arriskutsu bat sortzen ari da: batetik, teknologiaren garapenak indarkeria forma berriak ekarri dituenez, gazteen artean indarkeria areagotzen ari da, eta bestetik, gazteen artean gero eta gehiago zabaltzen ari da indarkeria matxistaren ukapenerako joera (bost gaztetatik batek indarkeria matxistaren existentzia bera ukatu eta asmakuntza ideologiko gisa kokatzen du).
Matxismoak hartzen dituen forma berriez gain, aipagarria da ere ideia matxista eta erreakzionarioen gorakada bat ikusi dela bai kale mailan, baita instituzioetan ere. Horren aurrean, ezkerreko alderdiek ustez egoerari aterabidea emateko asmoz hainbat lege martxan jarri dituzten arren (“soilik baietz da baietz” legea esaterako), proposamen hauek indarkeriaren kudeaketa hutsera mugatzen dira eta ez dute egiturazkoa den arazo horrekin amaitzeko inolako borondaterik. Beraz, agerian geratzen da alderdi politiko zein instituzioek egoerari errealki aterabidea emateko duten ezintasuna.
Honen aurrean, emakume langileon interesak erdigunean jarriko dituen indar politiko independentearen aldeko hautua egin behar dugu. Finean, langile guztiontzat babes ekonomiko, sozial eta politikoa garatu behar dugu, erasotzaile guztiei aurre egin behar diegu, eta jardun horrek guztiak erasorik eta zapalkuntzarik izanen ez duen gizarte sozialista baten eraikuntzan ekarpena egin behar du.
Horregatik, ostiralean, martxoak 8, arratsaldeko 17:00etan Errekoletak plazatik abiatuko den manifestazioan parte hartzeko deia luzatzen dugu. Emakume langileok askatzeko sozialismoa eraiki!

Gehiago