Martxoaren 8a Iruñerrian: borroka eta kriminalizazioa
Pasa berri den urtarrilean pasaden urteko Martxoaren 8an atxilotutako emakume bati 15 hilabeteko espetxe zigorra eskatzen diotela jakin izan dugu, autoritatearen aurkako atentatua egotzita.
Iruñerriko Mugimendu Feminista
2022-ko otsailak 22
Herritar askorentzat ulergaitza den zerbait, are gehiago egun horretan Parlamentuaren aurrean egin zen ekimen baketsua eta poliziaren aldetik emandako erantzun bortitzaren irudiak ikusi ondoren. Jakinda gainera emakumea poliziaren interbentzio bortitzarengatik eta ondorioz izandako lesioengatik jarritako salaketa bertan behera utzi dutela ikusirik.
Polizien testigantzei sinesgarritasun leiala emanez eta erasoa pairatu zuen emakumearen, mugimendu feministaren eta herritar askoren hitzari balioa kenduz jokatu dute beste behin ere.
Iruñerriko Mugimendu Feminista osatzen dugun kideontzat ulergaitza da ere eta behin baino gehiagotan adierazi dugun moduan, edozein eraso, errepresio, kriminalizazioaren aurrean gure hautua autodefentsa feminista izanen da, argi daukagu gure ahizpek babesten gaituztela eta ez poliziak.
Gaurkoan pasaden urteko Martxoak 8 ekarri nahi dugu gogora. Ez Nafar polizia, eta“justizia”ren bidegabekeria salatzeko bakarrik, pasaden urtean kaleak hartzera eraman gintuzten arrazoiengatik ere.
Indarrez kalera atera ginen nazkatuta gaudela esateko. Sistema heteropatriarkal-kapitalista-arrazista honek interes ekonomikoak bizitzen gainetik jartzen dituela eta zaintza sistema publiko eta unibertsal baten beharra premiazkoa eta ezinbestekoa dela aldarrikatzeko.
Sistema eta honen bizirautea bermatzen dutenen erabakia, modu estruktural eta 11 modu ezberdinez emakumeok* zapaltzea dela salatzeko.
Eta aldarrikapen horiekin feministok batu, antolatu eta guztiok elkarrekin sistema arrakalatzera atera ginen kalera.
Aurten pasaden urtean egindakoan berresten gara. Ez da ezer aldatu. Maria Chivitek eta bere gobernua ez dute gure aldarrikapenetaz ezer jakin nahi, guztiz kontrakoa, kriminalizatu eta delitu bilakatu nahi dituzte. Haiek eskaintzen dituzten ogi apur eta diskurtsoak ez dira nahikoak, guk benetako aldaketak nahi ditugu eta hauek ematen ez diren bitartean, sistema arrakalatzeko ezinbestekoa den antolakuntza eta borroka feministan jarraituko dugu.
Martxoaren 8 gertu dugu berriro, saretzen eta antolatzen jarraitzen dugu. Berriz ere kaleetan izango gara feminismoa edukiz hustu eta zuritu nahi dituzten mezuak morez tintatzen.
Eta zu, batuko zara borrokara? GORA BORROKA FEMINISTA!