Joan den astearteko desalojo ilegalaren aurrean

Joan den asteartean, ekainak 11, Iruñeko munipak Zapateria kaleko etxebizitza okupatu batean sartu ziren ilegalki, eta bertan bizi ziren pertsonak kaleratu zituzten. Egoera honen aurrean, honako hau adierazi nahiko genuke:

Alde Zaharreko okupazio mugimendua

2019-ko ekainak 17

 -Inolako agindu judizialik gabe egindako desalojoa izan zen, eta beraz, guztiz ilegala. Guri ez zaigu zuen legea gustatzen, are gehiago, miseriara kondenatzen gaituen legalitate honen aurka gaude; baina zuek, ahoa legez betetzen duzuen horiek, ZUEN legeak ere ez dituzue betetzen ez zaizuenean komeni. Hipokritak.

 -Munipen jarrera bortitza salatzen dugu. Etxera ilegalki sartu zirenean, barruan zegoen pertsonari mugikorra kendu zioten, grabatzen ari zelako (hori ere, zuen legeen arabera, egin daiteke), eta jarraian lurrera bota zuten atxilotzeko mehatxuen artean, haietako hainbat bere gainean jarriz. Horretaz gain, irainak eta mespretxuzko jarrerak etengabeak izan ziren.

 -Badirudi zenbait munipa gogotsu daudela okupazio mugimenduaren aurka duela zenbait urte bezala oldartzeko. “Se os va a acabar el chollo de estos 4 años”, bota zuen horietako batek. “Pertsona” hauek jakin beharko lukete azken 4 urteetan ere desalojoak eman direla Iruñean, lege burgesak etxebizitza-merkantziaren logika kapitalista erreproduzitzen duelako ezinbestean, instituzioetan dagoen alderdia zein den axola gabe. Dena den, nabari zaie inpunitate osoz eta basakeriaz jokatzen utziko dien koalizio ultraeskuindar bat udaletxera bueltatzeko irrikitan daudela.

 -Bestalde, desalojoaren hurrengo egunean Diario de Noticias de Navarra hedabidean agertutako albiste baten harira (“Policía municipal desaloja un supuesto narcopiso en Zapatería”), hedabide honen eta haren inguruko politikarien lotsa faltak muga guztiak gainditzen dituela adierazi nahi dugu. Azken aldian Alde Zaharreko etxebizitza zehatz batzuetan drogen trafikoarekin lotuta eman diren gertaerak (polizien utzikeriaz, noski) okupazioarekin lotu eta era horretan euren desalojo ilegalak justifikatzea jokaldi politiko zikin eta mespretxagarria da, eta ez ditugu haien gezurrak onartuko. Zapateria kaleko etxebizitzak ez zuen drogen trafiko eta kontsumoarekin inolako loturarik, eta horregatik desalojatu duzue, langile klasea konszienteki antolatzea eta okupatzea delako benetan molestatzen dizuena. Kasu batzuetan azkartasun horrekin jokatzea eta beste batzuetan utzikeriaz jardutea, ez al da arraroa?

 -Amaitzeko, azken egunotan Iruñeko beste zenbait etxebizitza okupatutan eman diren identifikazioak eta presentzia polizial konstantea salatu nahi dugu. Zein interes politiko dago honen atzean? Badirudi hariak mugitzen hasi direla jada, eta kolore guztietako poliziak prestatzen ari direla okupazio mugimendua bortizki erasotzeko. Baina argi izan, aurrean izango gaituzue.

ATERA ZUEN ESKU ZIKINAK GUNE OKUPATUETATIK!
OKUPAZIOA DELITUA BADA, GORA DELINKUENTZIA!

Gehiago