Iker Aristu Etxeberria gogoan!

Ainara Gorostiaga, Metxe Gonzalez, Marilo Gorostiaga, Iñaki Beaumont, Iñaki Azkona, Eneko Villegas, Mikel Soto, Miguel A. Llamas “Pitu”

Nafarroako Torturatuen Sarea

2026-ko irailak 7

Berriz min hau , luze dirau!

Nafarroako Torturatuen Sarea osatzen dugunok zure mina ulertzen dugu, Iker. Eta oraingoan inoiz baino min handiagoa ematen digu.

Izan ere, egin ziguten horrek, biziraun genuen horrek, sendaezinak diren zauriak uzten ditu, betiko zauriak. Gustatuko zitzaigukeen zuri gehiago lagundu izana. Gure sarearen parte zinen, maite genuen pertsona bat. Gurekin batera, betirako markatu zintuen horri aurre egin zenion, Nafarroako Gobernuak torturaren biktima gisa aitortua izateko prozesua aurrera eramanez.

Prozesu gogorra eta zaila izan da, gutako askok ere igaro duguna. Zintzoak izan gaitezen, torturatutako pertsona guztiok ditugu berriro ireki nahi ez ditugun kutxak. Eta hura berriro gogoratzeko -eta, beraz, berpizteko ahalegina egitea, ausardiaren eta konpromisoaren erakusgarri handia da; eta, askotan, erreparatzailea.

Egin zigutena ahazteko moduko zerbait balitz bezala aipatzen dugu hura gogoratzea. Eta ez da horrela. Hura sufritzen dugunok, gaur egun ere sufritzen jarraitzen dugu. Askotan isilik. Baina zauriak hor dirau.

Horregatik torturaz ari garenean, egin zigutenaz ari garenean, ez gara ari iraganeko etapa bati buruz, orainari buruz ari gara. Nafarroan, duela bi urte hasi ginen basakeria horren biktima gisa lehen aitortza ofizialak jasotzen. Dozenaka torturatu daude utzi gaituztenak, ezin izan dutenak aitortza hori jaso ezta eskatu ere, errealitate hori sistematikoki isildu eta ezkutatu egin baita hamarkadetan zehar. Eta 5.000 kasu baino gehiago gara Euskal Herri osoan. Nafarroako Torturatuen Saretik lortu genuen argitara ateratzea hemen gertatutakoa, egin zigutena eta jasaten jarraitzen duguna. Eta hori zuk, Iker, oso ondo zenekien.

Egin ziguten hura erantzuleak zituen eta ditu. Gure torturatzaileek hor darraite. Askotan aurpegirik gabe, soilik ahots bat, usain bat, begirada bat, espresio bat. Eta beste batzuetan izen-abizenekin, inolako lotsarik gabe komunikabideetan agertzen edo kalean gurekin gurutzatzen. Horregatik, haiei ere lerro batzuk eskaini nahi dizkiegu, egin zigutena gogorarazteko: egin zenigutena frogatzea lortu genuen bezala, egunen batean munduak jakingo du nortzuk zareten. Egia, justizia eta erreparazioa.

Era berean, erakunde publikoei eta eragile politikoei gertatutakoa salatzeko eskatu nahiko genieke; are gehiago, zu izanik torturaren biktima gisa ofizialki aitortutako pertsonetako bat.

Ez genuke amaitu nahi Iker zure lagun eta senideei gure maitasuna eta animo guztia bidali gabe.

Iker, zure irribarrea beti gurekin egongo da. Maite zaitugulako. Ulertzen zaitugulako. Zauria partekatzen dugulako. Maite zaitugu Txistu.

Gehiago