Iker Aristu Iruñeko bizilaguna hil da
Iker Aristu Donibaneko bizilaguna gaur hil dela zabaldu da arratsalde honetan. Ezker Abertzaleko gazte mugimenduan aritzen zen atxilotua eta torturatua izan zenean. Ordutik, osasun arazoak izan zituen jasandakoaren ondorioz. Hori guztia kontatzeko antzerki obra batean hartu zuen parte, eta Ahotsa.info-n egindako erreportaje batean azaldu zuen dena.
2026-ko irailak 6
Aristu 2008. urtean atxilotu zuten kale borrokaren kontrako operazio batean. Tortura gogorrak jasan ondoren kartzelan sartu zuten. Hilabete gutxi egon zen espetxean. Aske utzi zutenetik beldurra, angustia, antsietatea sarritan sentitu izan zituela aitortu zuen. Zazpi urte igaro ziren haren eta beste bederatzi lagunen epaiketa hasi arte, Segiko kideak izateaz akusatu zituzten; orduan, torturak jasan izana berretsi zuten hainbatek. Bere bizipenak gogora ekarri zituen ‘Gau Ilunak’ izeneko antzerki obra laburraren bitartez, ‘Escenika’ kultur ekoiztetxearen eskutik. “Artea oso modu egokia da horrelako gertaera gordinak ezagutzera emateko”, esan zuen orduan Euskalerria Irratian egindako elkarrizketa batean, eta buruko osasunaren inguruan dagoen tabua hautsi beharra zegoela gaineratu zuen.
Torturaren biktima, Nafarroako Gobernuak aitortua
2024eko ekainean, Nafarroako Gobernuak motibazio politikoko biktima bezala aitortu zuen Aristu, beste 18 pertsonekin batera. Osotara, gaur egun arte Foru Gobernuak 111 pertsona aitortu ditu torturak jasan zituztelako. Kriminologiaren Euskal Institutuaren ikerketa batek azaleratu zuen 1960tik hona Nafarroan 1.083 tortura kasu izan zirela, baina zifra hori igo egin da ikerketa egin zenetik, eta Torturatuen Sarearen datuen arabera 1.112 dira tortura kasuak Nafarroan.
Gehiago
A las personas torturadas: “Estamos aquí; si necesitáis ayuda, contactad con nosotros. Somos una red, y eso nos hace más fuertes”
29 tortura kasuak berriz ikertzeko eskaera egin dute negazionismoa eta zigorgabetasunarekin amaitzeko
