Festa dezagun gaurdanik geroa!

Euskal Herriko Bilgune Feminista

2018-ko ekainak 26

Aurten ere, San Juan suek iragarriko dute gure herrietako jaiak iritsiko direla. Gogoa sentituko
duzu, betebehar, estres, kontrol eta gehiegizko planifikaziotik aldenduta, aspaldiko lagunak,
senideak, bizilagun maitatu edo ditxosozko horiekin batera kaleko giroaz gozatzeko. Baino
aurten ere, zeure buruari galdetuko diozu zenbat erasoren aurrean erantzun beharko duzun;
edo zenbat desfase eszena negargarri ikusiko dituzun, zenbat aldiz sentituko zaren lekuz kanpo
eta zenbat aldiz zokoratuko zaituzten jai guneko bazterrera betiko koadrila horiek. 

Hainbestetan galdetu diozu zeure buruari hau ote den desio duzun jai eredua, nola bilakatu
genitzakeen festak espazio askatzaile eta, sistemari kritika zorrotza eginez, praktikan bestelako
harreman ereduak sortzeko. Hainbestetan galdetu diozu zure buruari, baina hain gutxitan
hartu duzu denbora kolektiboki erantzunak aurkitzeko eta gaurdanik zure festen geroa
amesteko. 

Bada, festa dezagun gaurdanik geroa!
Izan ere, festak ez dira jendartetik at dauden armonia eta poz gune isolatuak. Festak politikoak
dira, guztiontzat. Eduki sinbolikoa duten jendarte eta kultur adierazpenak dira, errealitatearen
adierazle kondentsatuak. Jaietan, norbanakoa kolektibora hurbiltzen duten prozesu subjektibo
eta objektiboak ematen dira. Beraz, festak bizitzaren erdigunean daude, jendartearen balioak,
nortasunak, ideologiak eta egiturak birsortzen dituztelako. Jaiek jendartean dauden gatazkak,
zapalkuntzak eta diskriminazioak adierazten dituzte: askotariko hierarkiak, botere harremanak,
indarkeria, rol banaketa… Orokorrean, hegemonikoak diren genero eredu eta heteroaraua
indartuz. 

Jai eredua herritarren parte-hartze mailarekin neur liteke. Parte-hartze integral eta erreal
batek, jai, kontsumo, errentagarritasun eta aisialdi ereduaren inguruko errotiko
birplanteamendua dakar, gaur egungo ereduan askok ez baitugu lekurik. Jaietan parte izateak
hauxe esan nahi du: prozesua diseinatzeko erabakimena izatea, ekarpena egiteko besteek zein
norberak bere buruari autoritatea ematea, komunitate baten parte sentitzeak eskaintzen duen
autoestimua izatea, ikusgarri izatea bakoitzak aukeratzen duen moduan (eta ez inposatzen
diren estereotipoen arabera), lan-banaketa parekoa izatea eta hainbat lan kolektibizatzea,
askotariko espazioetan seguru egoteko eskubidea bermatzea eta gozatzeko aukera izatea. Eta
noski, jaietan parte-hartzea ez da soilik plazan edo kalean ematen; bertan egon ahal izateko,
etxe nahiz sukaldeetan egiten diren lanak ere funtsezkoak baitira. 

Beraz, auzia ez da soilik gaur egungo eredua partxeatzea, adibidez, emakume batzuk
ikusgarriago egitea. Parte-hartzea ez baita “gure jaietara” beste batzuk gonbidatzea, baizik eta
jaien planteamendua bera elkarrekin negoziatzea eta berreraikitzea, gure kokalekua aztertzea,
lekuz mugitzea, entzutea eta botere desorekak gutxitzeko baliabideak sortzea. Honek, ordea,
aniztasuna modu konplexuago batean lantzea eskatzen du. Hau da, komunitatea osatzen
dugun askotariko herritar eta taldeak festetako espazioetan subjektu aktibo izateko
beharrezkoa da kudeaketa-prozesuei arreta jarri eta modu kontzientean gauzatzea. 

Aniztasuna, ez baita ezberdinen batura edo espazio mixtoak sortze hutsa, balio konpartitu
batzuen gainean espazio (edo festa) komunak eraikitzea baizik. 

Konplexua dirudien bide honez gain, hala ere, urteak daramatzagu parte-hartzearen inguruko
oinarrizko aldarrikapenak egiten. Izan ere, argi daukagu emakumeon parte-hartzea mugatzen,
baldintzatzen, zokoratzen edo normaltasunez kuestionatzen duten jaiak dauden bitartean,
ezingo garela jai eredu parte-hartzaileez aritu. Zentzu honetan, gogora ekarri nahi ditugu,
mutil-dantzari izena eta izana aldatu nahi dioten kideek, hogei urte beteko dituen Irungo
alarde parekideak eta Hondarribiko Jaizkibeleko lagunek egindako lan guztia, adibidez:
Zorionak eta eskerrik asko! 

Beraz, emakumeok* ez dugu zati izan nahi, ez gara “beste horiek”; ez jaietan, ez inoiz. Gu
baikara festa, komunitatea eta herria bera. Parte bat izan beharrean, osotasunean murgiltzera
irakatsi digu borroka feministak. Horregatik guztiagatik, emakumeok jaietan ikuskizun eta
dantzalekuen parte izan behar gara, baina ez espektakulu edo erakarpen turistiko gisara.
Guretzako plazera bilatu nahi dugu, eta ez beti besteentzat plazer iturri izatea, patriarkatuak
agindu moduan. Bagara nor erabakitzeko, nola, norekin eta noiz gozatu nahi dugun, etengabe
epaituak edo erasotuak ez izateko eskubide osoz. 

Festa dezagun gaurdanik geroa! Herritarrok jaietan ikusle edo hartzaile hutsak izan beharrean,
jaso besterik egiten ez dugunok, baliatu ditzagun lotura komunitarioak eta gure indar
sortzailea bestelako ereduak eraikitzeko. Erreparatu diezaiogun bidearen nolakotasunari,
autogestio zein auzolanaren logikan sakonduz, gaurko eredu patriarkalaren rol banaketa eta
indarkerien erakusleiho izan beharrean, bilakatu ditzagun jaiak amesten dugun herriaren
agertoki. 

Norabide horretan, ate joka ditugun hainbat eta hainbat galdera erantzuteko prozesu
kolektibo baten beharra mahaigaineratzen dugu: Zelako janari, edari eta drogak behar izaten
ditugu ongi pasatzeko? Zeri erantzuten dio horrek, edo nondik dator kontsumitzen duguna?
Zer da jaiak errentagarriak izatea? Nor falta da festa lekuetan eta zergatik? Nola eta norentzat
erabakitzen dira egitarauak? Parte gara? Zer jartzen dugu balioan festetan? Gaueko giroaz
gain, eguneko ekimen edo harremanak zaintzen al ditugu? Jaietan zeinek egiten ditu ezkutuko
lanak? Nork dauka nahi bezala gozatzeko aukera? Zeini ematen zaio erasotzeko eskubidea?
Espazio seguruak bermatzen ditugu guztiontzat? 

Askotarikook elkarrekin nahi ditugun jaiak irudikatzeko eta hurrengo urratsak marrazteko,
galdera berriak identifikatu eta kolektiboki erantzunak topatzeko prest al gaude?

Gehiago