Euskal Herriko Emokumeok* planto!

Euskal Herriko Mugimendu Feministak hilabeteak daramatza martxoaren 8a prestatzen. Alabaina, aurten desberdina izanen da martxoaren 8a: Euskal Herriko emakumeok* nazioarteko Greba Feministarekin bat eginen dugu. 177 herrialdetan egin da emakumeok* lanik ez egiteko deialdia, eta ez da edonolako erronka; izan ere, zer da Greba Feminista bat?

Maddi Lasa, Marta Molinero, Uxue Álvarez eta Irene Otal, Euskal Herriko Mugimendu Feministako kideak.

2018-ko martxoak 1

Ohiko moldeetatik aterako den greba bat deitzen dugu. Greba honen balioa ez da
portzentaia eta zenbakitan baloratuko, greba egiteko modu anitz eta irudimentsuetan
baizik. Martxoaren 8ko Greba Feminista lan-arloaz haragoko greba izanen da.
Lantokietan paroak eginen ditugu, bai, nazkaturik baikaude prekarietateaz, generoaren
araberako soldata desberdintasunez eta gure lan gehienek zaintzarekin zerikusi
zuzena izateaz. Horrez gain, ordea, zaintza-lanetan ere greba egin nahi dugu, nekatu
egin baikara ez sentimenduz, ez diruz baloratzen ez diren “berezko” lanak egiteaz,
gure inguruko pertsonen bizitzetan sostengu ezinbesteko izateaz. Egun bakarrean
planto eginda, gure bizitzetan zaintzak duen balioa ikusarazi nahi dugu, eta horren
ardura denon artean partekatzeko aldarria egin. Kontsumo greba egin nahi dugu,
eredu kapitalista eta patriarkal honek kontsumitzen gaituelako: gure gorputzak objektu
gisa saltzen ditu, zoriontasuna produktutan erosarazten digu, beste herrialde
batzuetako emakumeak esplotatzen ditu eta natura xahutzen du. Noiz arte iraunarazi
nahi dugu horrelako kontsumo eredu bat? Eta azkenik, hezkuntzan ere planto egin

nahi dugu. Hezkuntzan ereiten da etorkizuneko jendartea, baina gure hezkuntza-
sisteman genero-desberdintasuna eta rol heteronormatiboak errepikatu egiten dira.

Jatorri eta identitate anitzeko haurrez osatutako eskolak nahi ditugu, askotariko
erreferenteak landuko dituztenak, aniztasunean aske bizitzeko. Horregatik, martxoaren
8an, ikasle eta irakasleak ere kalera irtengo gara. Haserre gaude emakume* izate
hutsagatik bortxatzen gaituen mundu honekin, herrialdeen mugak arrazismorako
aitzakitzat erabiltzen dituztenekin, gorputz disidenteak erailtzen dituztenekin. Hortaz,
milaka arrazoi ditugulako, Euskal Herriko emakumeok* martxoaren 8an planto eginen
dugu. 

Kalera irteteko deia egiten dugu, martxoaren 8 honetan espazio publikoa okupatu eta
gure eguneroko aldarriak lau haizetara zabaltzeko. Egun honek inflexio-puntu bat izan
nahi du: zer pasatzen da gure inguruan emakumeok* geratu egiten garenean?
Egunerokoak berdin funtzionatzen jarraitzen al du? Zentzu horretan, hausnarketarako
eguna ere izan nahi du. Alde batetik, emakumeok* gure artean batu eta elkarrekin gure
lanaren balioaz jabetzeko parada izanen dugu. Baita gure arteko desberdintasun eta
aniztasunetik ikasteko ere: emakume helduek, emigranteek, gazteek, bollerek,
transexualek, neskatilek, bisexualek, dibertsitate funtzionaldunek, langabeek,
pentsiodunek… elkarren babesa eta besteon errealitateaz ikasteko aukera paregabea
izanen dugu. Beste alde batetik, gizonek ere izanen dute haien funtzioa greban.
Kontsumo greba egiteaz gain, eta euren inguruko emakumeek mobilizazioetara joateko
erreztasunak emateaz gain (izan aita, lagun, anai, irakasle, enpresa-buru, lankide…),
gogoetarako egun garrantzitsua izanen da. Protagonismoan pausu bat atzera egiteko
eguna, inguruko emakumeen* lana balioesteko eta lan-karga desorekatuak iraultzeko
zer egin dezaketen pentsatzeko eguna. Greba honetan, bakoitzak bere funtzioa zein
den pentsatu beharko du, nondik abiatzen den eta zer egin dezakeen egoera
iraultzeko. 

Martxoaren 8ko Greba Feminista herriz herri, auzoz auzo eta hiriz hiri antolatzen ari
gara, denon parte-hartzea garrantzitsua baita. Izan ere, martxoaren 8a ez da helburua,
aurrera begirako borrokan mugarri bat baizik. Hilabete hauetan landutako prozesu
kolektiboak aski sari dira jada antolaketan ibili garenontzat. Asanblada bakoitzean
eztabaidatutakoa, hausnartutakoa eta aniztasunean bizitakoa altxor txiki bat da gutako
bakoitzarentzat. Altxor hori, ordea, bizi garen munduarekin partekatu nahi dugu,
emakume* bakoitzaren lana eta bizipenak balioetsi nahi ditugu, ezinbestekoak baitira
egunez egun munduak aurrera egin dezan. Isildutako eta ikusezin bihurtutako ahots
guztiei bozgorailua jarri nahi diegu, merezi dugun aitortza eta balioa izan dezagun.
Horregatik, 2018ko martxoaren 8a mugarri izatea nahi dugu, datozen egun eta
urteetan jarraituko dugun borroka bultzatzeko egun bat, indartu eta aurrera begira lan
egiteko ilusioa emanen digun egun bat. 

Askotariko ekintzak antolatzen ari gara, martxoaren 8a elkarrekin, kalean eta borrokan
pasa dezagun. Goizeko 12:00etan eta arratsaldeko 20:00etan mobilizazioak egonen
dira herri bakoitzean, eta horietara joatera animatu nahi zaituztegu. Hala ere, ez dugu
uste greba egiteko modu bakarra dagoenik, ezta egon beharra duenik ere. Jakitun gara
anitzak garela eta ez ditugula denok greba egiteko aukera berak (esaterako,
prekarietatea, ezintasun fisikoak edota ezinbesteko zaintza-lanak direla eta), baina,
preseski, aniztasun eta ezintasun horiek azaleratzeko eguna izatea nahi dugu. Guztiok
kalean egotea gustatuko litzaigukeen arren, deialdia egiten dugu norberak ahal duen
eta nahi duen modura egin dezala greba. Hori dela eta, animatu nahi zaituztegu
amantala balkoian jartzea edo besoko more bat jartzea bezalako ekintzak egitera.
Greba feminista hau anitza izango baita, edo ez da izango. 

Iraultza feminista martxan dago eta geldiezina da. Elkarrekin mundua geratuko dugu,
borrokan jarraitzeko. Kaleetan ikusiko dugu elkar! 

* “Emakume” izendapena erabiltzen dugu, martxoaren 8ko greba feministan subjektu
politiko gisa baliagarria delakoan. Hala ere, sistema bitarraz gaindi, askotariko gorputz,
ibilbide, bizipen, ahalmen eta identitateak garela azpimarratzen dugu.

Gehiago