Espainiar ultra eskuin katolikoa ikastolon salbatzaile

Iera Otxoteko Agirre

2026-ko maiatzak 16

Aste honetan Nafarroako Parlamentuan muturreko espainiar ultraeskuina, nafar eskuin ozpindua, jainkoa ta lege zarra eta ezker abertzalea elkartu zaizkigu ikastetxe pribatu itunduen defentsan. Harritzekoa bezain larritzekoa indar korrelazioa.

Guztiok jakitun gara ikastetxe pribatuen ituntzea Franco diktatorearen ostean zegoen jaiotza tasa handiei aurre egiteko espainiako indar zentralistek sortutako inbentua dela, beste herrialde batzuetan halakorik ez dela existitzen, eta arrazoi berarengatik, noizbait eta behingoz sortu bezala agortzen joanen den eredua izanen dela.

Ikusi dugu asteotan alderdi zein sindikatu pribatuzaleak nola ikastetxeontzako diru publiko gehiago eskatuaz kalean aritu diren ere, baina, konsziente al gara gela itundu hauetako bakoitza nafarroi urtean 90000 € kostatzen zaigula? Noiz helduko da iturri hau progresiboki ixteko eguna?

Zaku berean agertu zaizkigu Nafarroako Ikastolen lobbya ere, ahotsa altxaz lau haizetara, 2026an Nafarroako ikasleriaren euskalduntzean arduradun bakarrak balira bezala solastuz. Hara! Kooperatiba sare honek lurraldean euskara ikasten duten ikasleen % 25a baino ez du hartzen eta! Baina medioak, alderdi politikoak eta hainbat sindikatuk apur hoiei oihartzun guztia, beste % 75a ahantziz.

Egunen batean ulertu beharko duzue ez garela duela 50 urteko egoera berean, eta ikastetxe pribatu-erlijioso, pedagogikoki eta inklusio aldetik zaharruno diren guzti hoiekin batera jlerrokatzeak ez dizuela onura gehiegirik egiten, ezta espainiar eta nafar ultraeskuinak zuen salbatzailetzat ospatzeak ere.

Presioak alde askotatik izan ditu euskarazko irakaskuntza publikoak urteotan, atzokoa baino lehen jasan baititugu Zangotzaldean, Tuteran, Lodosan edo Tafallan D eredu publikoa oztopatzeko saiakerak, eta ikastolen komunitatetik jasan ere. Ezin dezakegu hauek gehiago izkutatzen jarraitu.

Ikastolok bi aukera dituzue hurrengo urteetan: ultraeskuin katolikoaren bazterrean eta babespean biziraun, ala publifikazioaren, herri kohesioaren eta herrigintzaren bideari heldu, Euskal Herri inklusiboago eta segregazioa atzean utziko duen kalitatezko guztion hezkuntza unibertsalaren bidean.

Ezker posibilistak ere, ezkerreko politikak alde batera uzten dituenean lobbyen pribilegio eta mesedetan aritzeko, herri honen zati haundi bat ere bazterrean uzten ari dela jakin behar du. Euskal Herriak ezker ausart eta indartsua behar du, eta ez VOX, PP, UPN eta PNVrekin lerroka daitekeena.

Ta bestela, beti izanen duzue Aingerurekin Parisen mezara joateko beta.

Gora Euskal Eskola Publikoa! Gora Herria!

Gehiago