Nafarroako hezkuntza publikoaren etapa guztietako ikasleen ratioak murrizteko Herri Ekimen Legegilearen aldeko sinadura kanpaina abiatu da

Maiatzaren 13an erregistratutako Herri Ekimen Legegilearen aldeko sinadurak biltzen hasi da Hezkuntza Publikoaren Alde Plataforma. Ekimen honen helburua Nafarroako hezkuntza publikoaren etapa guztietako ikasleen ratioak legez murriztea da.

2026-ko urriak 22


Nafarroako eragile eta herritar ezberdinen laguntzarekin eta ELA, LAB, CCOO, STEILAS eta CGT sindikatuen baesarekin abiatu da kanpaina. Sindikatu horien egoitzetan sinatu daiteke eta sinadura-orriak jaso daitezke. Nafarroako komunitatean botoa emateko eskubidea duten adin nagusiko herritar guztiak animatzen eman dezakete sinadura.

Plataformatik salatu dute euskara hutsezko sinadura-orririk ezin izan dituztela egin euskara ez delako oraindik ofiziala Nafarroa osoan.

Ratioak murriztea hezkuntza komunitatearen aldarrikapen zaharra da. Gogoratzen dutenez, hezkuntzaren kalitatean duen eragina handia da. “Alderdi politikoei eskaera argia egiten diegu: utz diezaiotela beste alde batera begiratzeari eta har ditzatela neurriak, hau da, negoziazio-fasean dauden aurrekontuetan, eskaera hau finantzatzeko beharrezko partidak kontuan hartu ditzatela”.

Nafarroako Gobernuaren aldetik orain arte jasotako erantzuna ez dute ontzat ematen. “Gobernuarentzat «aurrekontu gehikuntza neurrigabea» dena guretzat etorkizuneko inbertsioa eta premiazko beharra da”, kritikatu dute. Zehazten dutenez, ratioen murrizketak arreta pertsonalizatuagoa ahalbidetzen du, inklusioa hobetzen du, eskola-porrota prebenitzen du, eta ikasleen garapen integrala sustatzen du. Ildo honetan, PISA txostenari egin diote so, gogoratzeko jasotako emaitza akademikoak “penagarriak” iZan direla. Horregatik diote hezkuntza publikoan inbertitzea “gizarte osoaren etorkizunean inbertitzea” dela, eta horrekin langabezia eta gizarte bazterkeria tasak murrizten direla eta aukera-berdintasun handiagoa lortzen direla.

Nafarroako Gobernuak beharko ziren 3.500 profesional gehiago kontratatzeko zailtasuna duela ere argudiatu zuen ratioen murrizketa baztertzeko. Plataformatik aukera bat ikusten dutela nabarmendu nahi dute. “Honezkero ditugun kontratazio-zerrendetatik ia 3.500 profesional gehiago kontratatzeak, soldata duinak eta lan-egonkortasuna eskainirik, hezkuntza publikoa hobetzeaz gain, ezegonkortasuna eta egiturazko desberdintasunak murriztuko lituzke, bereziki sektore gazteenen artean. Gazte prestatuak eta gaitasun handikoak etengabeko egoera ezegonkorretara kondenatzen direnak kontratatzea guztion onerako izango litzateke”.

Hala ere, konszienteak dira aldaketa hauek ezin direla egun batetik bestera. Adibidez, eskoletan espazio berriak eraiki beharko ziren, eta horretako dirua badagoela gogoratzen dute. “Legearen ezarpen mailakatua ahalbidetuko duen egutegi errealista proposatzen dugu, lehendik dauden espazioak moldatzeko zein zaharberritzeko eta irakaskuntza partekatua ezartzeko, egokitzapen hori egin bitartean. Nafarroako Gobernuak duela gutxi iragarritako 830 milioi euroko superabita helburu horretara bidera liteke, eta, bide batez, ikasgelak klima-behar berrietarako prestatu”.

Hezkuntza Publikoaren Alde Plataformak baliabide publikoek hezkuntza publikoa lehenetsi behar dutela ere azpimarratu nahi dute, “beste edozein interes pribaturen gainetik”, itunpeko ikastetxeei ematen zaie tratuaz ari direnean. “Ez da nahikoa hezkuntza publikoak hobekuntzak behar dituela aitortzea. Hobekuntza horiek gauzatzeko ezinbestekoak diren baliabideak bideratu behar zaizkio”.

Azaroak 11, Greba orokorra

Bestetik, Hezkuntza Publikoaren Alde Plataformak azaroaren 11ko etxebizitza eskubidearen aldeko greba orokorra babesten duela iragarri du. “Bi borrokek oinarrian arazo bera dutela ulertzen dugulako: langile-klasearen diru publikoa interes pribatuetara bideratzea”.

Gehiago