Zizurko Udalak ez du oraindik jaietan kultur karpa berria jartzearen inguruko erantzunik eman
Jaietarako kultur karpa berri bat jartzea utzi dezan aldarrikapena presente izan zen Zizurko Egunean.
2025-ko ekainak 4

Joan den larunbatean, uda giroan ospatu zen Zizurko Eguna, harrera ezin hobearekin. Jai Batzordeak, Ronda Koperak eta Kuak Herri Ekimenak 2025eko jaietarako, kultura ardatz izango duen gune berri bat sortzeko proposamena ere presente egon zen.
Tokiko talde ugarik antolatuta eta Jai Batzordearen koordinaziopean, Zizurko Egunak adin guztiei zuzendutako jarduera ugari bildu zituen. Goizean zanpantzar tailerra, erraldoi eta buruhandiekin kalejira, txistulariak, gaitariak eta trikitilariak. Pintxo-pote herrikoiaren eta txarangak eta dantza taldeak girotutako argazki komunitarioaren ondoren, bazkari herrikoia egin zen, kuadrillaka antolatutako paella lehiaketarekin. Eguna bingo herrikoi batekin eta herriko elkarteen erronda musikatu jendetsuarekin bukatu zen.
Herritarren parte-hartze handiak eta jai-giroak erakutsi zuten Zizurrek iraileko jaietan lekua ireki behar zaion indar sozial eta kultural handia duela. Gune berri honek egunezko ordutegian funtzionatuko duen karpa multifuntzional bat jartzeko proposamena biltzen du, herriko erdigunean, jaietako bost egunak dinamizatze aldera. Jarduera kultural (musika, jolasak, antzerkia, bakarrizketak…), bazkari herrikoi eta bermutak, zein kolektibo feminista, gazte, musikal edo auzotarrek bultzatutako beste ekimen batzuen topaleku izango litzateke.
Iradokitako kokapenen artean Kultur Etxeko plaza, Kirolaldea pasealekuko aparkalekua eta Foruen plaza leudeke.
Talde sustatzaileek azpimarratu zutenez, “Zizurko Egunaren arrakastak ondo erakusten du gaur egungo abaguneak gainditzen dituzten jaiak antolatzeko gai garela, eta ez direla beste jarduera batzuk ordezkatzen edo kanpo uzten, baizik eta egun dagoen programazioa osatzen dutela, Zizurreko gune berriak dinamizatuz eta tokiko merkataritza eta ostalaritzarekin lankidetza elikatuz”.
Taldeak berriro eskatu zien Udalari eta alderdi politikoei herritarrei entzuteko eta jai eredu irekiagoak eta parte-hartzaileagoak eskaintzeko. “Borondate kontua da: baimena emango al digute jaietarako gune kultural hau jartzeko?”, azpimarratu zuten, Geroa Bairen udal gobernuaren erantzun faltagatik kezkatuta, proposamena aurkeztu eta hilabete batzuk igaro direnean.