Mugarik gabeko herri aske bat nahi dutela aldarrikatzeko ospatuko dituzte Izpegiko bestak asteburu honetan

Tontorraren bi aldeetatik igoko dira Baigorriko eta Baztango herritarrak asteburu honetan, mugarik gabeko herri aske bat nahi dutela oihukatzeko bertze behin. Ortziral arratsaldean bertso saio musikatuarekin hasiko dira bestak, eta larunbateko egun osoko egitaraua tarte, Odei, Skaregekasko eta DJ Uzkuluzekin akabatuko da tontorreko ospakizuna.

2026-ko irailak 16

Basaizea Kultur Elkarteak, Erratzuko Herriko Batzarrak eta Baztango Gaztetxeak antolatu du aurtengoan ere bi herrien arteko zatiketa salatzeko helburuarekin egiten duten besta.  “Iragana erromantizatu gabe, bi estatu zapaltzaileek inposatutako zatiketa eta ideia faxistak” salatu nahi dituzte musika, dantza eta aldarriz betetako bi egun hauetan.

Aitzineko hiru urteetan egin duten gisara Baigorriko eta Baztango herritarrak Izpegin batuko dituen hori herri beraren parte direla erakusteko gogoa dela, elkartasuna irudikatzekoa, hain zuzen ere.

Ospakizunetik haratago, egunerokotasunean ere harremanak sendotu nahi dituzte mugaren bi aldetan, eta gaur egun horretarako ezarri diren oztopoak salatu nahi dituzte. “Azkenaldian, Frantzia eta Espainia bezalako estatu zapaltzaileek geroz eta kontrol gehiago ematen dituzte inmigrazioa ilegalaren kontrako borrokaren aitzakiapean. Instituzioen jarrera horrek hedabideen laguntzarekin eragin zuzena du argi eta garbi ideia arrazisten gorakadarekin. Gurean, eragin izugarriak ditu mugen hesteak, izan ere, Euskal Herria harrera herria izan dadin nahi baitugu, hots mugarik gabeko herri aske bat”.

Mugetako kontrolek “zatiketa fisikoa” eragiten dutela argi adierazi nahi dute. “Ekintza horiek egunerokoan Herri askea izateko trabak eta asimilazio prozesua agerian ematen ditu. Ez dugu ahantzi behar parametro jakin batzuen bidez gauzatzen dela inposizioa eta indarkeria gure herrian: Espainia eta Frantziaren bidez, espainolaren eta frantsesaren bidez eta boteredunek zapalduoi bizkar eginez eta guztiz baztertuz, urte luzez, gure herriaren alde egindako borroka”.

Faxismoaren gorakadari ere aipamena egin nahi izan diote besteen atarian. “Orain arte pentsaezinak ziren jarrera batzuk onartu dira eta konplexurik gabe plazaratzen dira egunero. Faxismoa ez da mugimendu lauso bat, ideologia antolatua da, agenda finko bat duena gainera, egitura trinkoa da. Hortaz, faxismoaz mintzo garelarik, ez gara masa nahasi bati buruz ari; baizik eta estrategia eta gorputz konkretu bat duen ideologia batetaz”.

Horregatik memoria kolektiboa aldarrikatzen dute faxismoak Euskal Herrian eragindako zauriak ez ahazteko, eta horri aurre egiteko “besta herrikoien sare indartsu bat osatzea” ezinbestekoa dela azpimarratu dute. “Alternatiba osatzen dugun ehunka herritarrok batu gaitezen faxismoaren kontra antolatzeko mugimendura”.

Egitaraua musika, dantzak, bertsoak, mendi martxa, haurrentzako ikuskizunak, jateko eta edateko biltzen du:

Irailak 18, ortziralea

  • 19:30: Bertso saio musikatua Bereko Bentan.
    • Bertsolariak: Haira Aizpurua, Malen Alzuart eta Alazne Untxalo.
    • Musikariak: Kattalin Arizmendi, Ane Fagoaga eta Lizar Elexpuru.
    • Gai emailea: Xalbat Alzugarai.

Ondotik pintxoak izanen dira bertan.

Irailak 19, larunbata

  • 08:30: Mendi martxa Baigorritik
  • 11:00: Bizikleta igoera Baigorriko elizako plazatik eta Erratzuko plazatik
  • 11:15: Zapotxin pailazoa
  • 12:00: Zintzur bustitzea Baigorriko eta Erratzuko gaiteroekin
  • 13:30: Ekitaldia
  • 14:00: Bazkari herrikoi alaitua (txartelak basaizea.com webgunean, Baigorriko Oronoz saltegian eta Errratzuko Zubipuntan salgai)
  • 17:30: Hiru bentetatik poteo alaitua
  • 20:30: Tukukarrakak batukada karpan
  • 21:00: Afari eskaintza zabalik Baigorriko ikastolak antolaturik
  • 22:00: Odei, Skaregekasko eta Dj Uzkuluz

Autobus zerbitzua ere 4 euroren truke eskainiko da:

Igaiteko: 

  • 10:00: Elizondotik Izpegira (Erratzun geldialdia eginez)
  • 11:00: Baigorritik Izpegira
  • 12:00: Elizondotik Izpegira (Erratzun geldialdia eginez)
  • 13:00: Baigorritik Izpegira
  • 19:00: Elizondotik Izpegira (Erratzun geldialdia eginez)
  • 20:00: Baigorritik Izpegira

Jausteko:

  • 19:30 Izpegitik Baigorrira
  • 20:30 Izpegitik Elizondora (Erratzun geldialdia eginez)
  • 02:00 Izpegitik Baigorrira
  • 03:00 Izpegitik Elizondora (Erratzun geldialdia eginez)
  • 05:00 Izpegitik Baigorrira
  • 06:00 Izpegitik Elizondora (Erratzun geldialdia eginez)

Antolakuntzak argi utzi nahi izan du “ez dela inolako erasorik onartuko eta edozein erasok erantzuna izanen duela”. Bertaratu eta bestaz gozatzeko gonbita ere zabaldu du.

Gehiago