Lizarrako jaietan, hirugarren urtez, txosnarik gabe UPNren itxikeriagatik eta herritar ugariren borondatearen aurka

Uztailaren 31an txosnen alde kaleak betetzeko deia egin dute jai herrikoien aldeko indarrek.

2026-ko uztailak 24

Iturria: Kotarro.eus

Hirugarren urtez, UPNk txosnak bazterrean utzi ditu. Festagirok 4.447 sinadura bildu ditu txosnen alde, horien ia erdia Lizarran bozka emateko eskubidea duten lagunak eta 1.425 guraso. Uztailaren 31, ostirala, txosnen aldeko manifestazioa 18:00etan Koroatze plazatik abiatuko da.

Txosnek tradizio luzea dute Lizarran, ia hiru hamarkadetan egon baitira bus geltokiaren eta Santa Klara monasterioaren artean, barraken ondoan. Jai gune autogestionatuaren ADNaren ezaugarri izan dira aldarrikapena, kolektiboen finantziazioa laguntzea, euskara eta beste festa-guneetan ez dagoen musika estiloen eskaintza egitea. Txosnen autogestioaren albo ondorio positibo ere badugu gizartearen aktibazioa.

Festagirok uztailaren erdialdean egindako prentsaurrean adierazi zuen “Festagiron nahi duen orok baldintza berdinetan parte hartu ahal izateko espazio” dela, eta ekimenak “modu kolektiboan erabakitako lan-banaketa bat proposatuz, eztabaidatuz eta parte hartuz” antolatzen direla. Hau da, “instituzioetatik aldendutako eredua”. Eta “Horregatik Udalak txosnak alboratu, bideraezinak egin, ikusezinak egin eta desagerrarazi nahi ditu”.

“UPNren argudio publiko
bakarra izan da txosnak
eta haurrak bateraezinak direla…”

Gainera, UPNren ekimen debekatzaileari Udalaren ekimen zigortzailea gehitu zaio eta ez da txosnetara mugatu. Izan ere, Festagirok adierazi du “Herri Inauteriengatik eta txosna txikiengatik jasotako 24.000€-ko isunak”. Horrela, helburu lukete Festagiro prozesu judizialetan eta isunetan itotzea.

Testuinguru horretan egin du Festagirok sinadura bilketa, “UPNren autoritarismoa” ikusarazteko eta Lizarraldearen txosnen aldeko babes handiaren erakusle izateko. Arestian adierazi bezala, Lizarraldeko 4.447 lagunek babestu dituzte txosnak. Horietatik 2.055 Lizarran bozka emateko eskubidea dutenak eta 1.425 guraso.

Azken datu hori, gurasoena, nabarmentzeko modukoa da. Izan ere, UPNren argudio publiko bakarra izan da txosnak eta haurrak bateraezinak direla, eta zehazki haurrentzako barrakak ondoan daudela eta ez dela egokia hala izatea.

Txosna txikiak: Festagiro eta Garean

Bi eragileek, Festagirok eta Gareanek, familientzako txosna txikiak antolatu ditu. Hala, historiko bat eginez: 2013an ipuin kontalaria eta zirku-eskola, 2014an pailazoak eta zirko tailerra 2015ean zirko tailerra, Irrien lagunak eta eskalada-murrua, 2016an zirko ibiltaria eta Irrien lagunekin kanta eta dantza, 2017an eskalada murrua, tailerrak eta “Gaur jaia” haur-berbena, 2018an Irrien lagunak ikuskizuna eta zirko tailerra, 2019an haur berbena Ind-Jonesekin. Pandemia garaiko etenaldiaren ondoren, 2022an Goazen koreografiak eta abestiak, 2023an Tor Magoa. Hau da, azken bederatzi edizioetan familientzako 14 kultur eta aisia ekitaldi.

Are, kezka horren ondorioz 2023ko festetan hesiekin bereizi eta estali zuten txosna gunearen eta barraken gunearen arteko muga. Dena den, ikusita gaur egun dagoen festa eredua kontuan izanik: alkohola, bestelako drogak, desfasea, zarata… ez al da aitzakia merkea fokoa soilik txosna gunean jartzea?

Gehiago