Zizurko jaietan kultur gune berri bat sortzea proposatu diote Udalari
Zizurko Jai Batzordeak, Ronda Koperak eta Kuak Herri Ekimenak 2025eko jaietarako kultur gune bat sortzea proposatzen diote Udalari. Udalak, momentuz, ez du erantzunik eman.
2025-ko apirilak 16

Ahatearen Eguna eta Ronda Kopera bezalako ekitaldiak zizurtarren artean sendotu diren honetan, Zizurko eragile hauek jauzi bat emateko ordua iritsi dela uste dute “jaiak berritzeko, inoiz baino herrikoiagoak, irekiagoak eta parte-hartzaileagoak izan daitezen”.
Jai Batzordeak (Ahatearen Eguna antolatzen duen kolektiboa), Ronda Koperak (Ronda Kopera eta Jai Txikien dinamizatzaileak), eta Kuak Herri Ekimenak, 2025eko jaietarako kultur gune berri bat sortzea proposatu dute. Gune berri honen ezaugarriak azaldu dituzte. “Gune horrek herriaren erdigunea hartuko luke eta erreferentziazko espazioa bihurtuko litzateke zizurtar guztientzat. Belaunaldi ezberdinek proposamenak egin, partekatu eta indartzeko gunea izango litzateke”. Udalari proposamena urte hasieran helarazi zioten, baina oraindik ez dute erantzunik jaso.
“Helburua da lankidetzarako dugun grina Zizurreko ekimen sozial, kultural eta musikal desberdinetara zabaltzea, espazio ireki eta parte-hartzaile baten bitartez”, azaldu dute egindako agerraldi batean.
Espazioak egunez funtzionatuko luke, gustu eta adin guztietarako topaleku modura. “Kultur programazio zabala izango luke: kontzertuak, bakarrizketak, jolasak, tailerrak, hamaiketakoak eta vermutak. Helburua da jaietako bizitza herrigunean indartzea”, azpimarratu dute.
Anitzeko karpa bat jartzea proposatzen dute, jaietako ekitaldi esanguratsuenei harrera egiteko: lehen eguneko herri-bazkaria, Ahatearen Eguneko bermuta, gazteen bazkaria edo mugimendu feministak larunbatean antolatutako ekitaldiak, besteak beste. “Honek programazioa deszentralizatzen lagunduko luke, eta jarduera zati bat urbanizaziora eramatea ahalbidetuko luke, espazio berriak sortuz”.
Kokaleku ezberdinak proposatu dituzte, baina ekimenaren bultzatzaileen nahia da jaiak Zizurko erdigunera eramatea. “Jaiak erdigunera eraman nahi ditugu eta gaur egun hutsik dauden espazioak aktibatu. Zentroko espazioak elkartzeko leku naturalak dira: hurbilak, irisgarriak eta guztiontzat eskuragarriak”, azaldu dute.
Belaunaldi arteko espazio bat
Proposamen berri honen gakoetako bat belaunaldi arteko espazio bat sortzea da, festa adinekoen, gazteen, familien eta txikien artean partekatzeko. Bestetik, jarduera gehiagori lekua egiteko ere baliatuko nahi dute. Horrela, programazioa hobe banatuko da jaiak beste eremuetara eramanez.
“Udalak borondatea erakutsi zuen, kolektibo hauek bultzatutako parte-hartze prozesua abiatuz, jaiak birpentsatzeko. Elkarrizketarako borondate horrek jarrai dezala eskatzen dugu. Prest gaude Udalarekin eta behar den guztiarekin esertzen jarraitzeko, konponbiderik onena aurkitzeko. Garrantzitsuena da herritarren borondateak gauzatzeko bide errealak izatea”, eskatu dute.
Udaleko talde politikoei “ausartak” izan daitezela eskatu diete. “Egin dezatela herritik behera eraikitako jai eredu herrikoi eta parte-hartzailearen aldeko apustua. Badugu adibide ugari herriak ondo antolatzen dakiela erakusten dutenak. Entzuten digutenean eta laguntzen digutenean —eta ez oztopoak jartzen—, jaiek aniztasunean eta parte-hartzean irabazten dute”.