Zetak, Anestesia, Herdoil eta Koban taldeak, besteen artean, arituko dira HTX 24. edizio berezi honetan

María Antunez, Josu Erbiti, Joseba San Sebastian eta Gorka Pastor; Xabi Solano, Zaloa Urain, Tomas Lizarazu, Nerea Urbizu, Claudia Rodríguez, Lorena Aisa, Francis Díez, Idoia Tapia, Sara Zozaya, Lide Hernando eta Alex Sardui; Erika Olaizola eta Lander Garro; Zetak, Anestesia, Herdoil, Koban eta Little Martin Selektah & Juantxo Arakama & Nikotina izanen dira HTX 24. edizio berezi honetan, streaming bidez jarraitzeko aukera izanen dena.

2020-ko azaroak 17

“Osasun krisiak errepresaliatu politikoen eta haien senideen egoera larria ere kolpatu egin du eta elkartasuna, zentzu guztietan, helarazteko beharra inoiz baino gehiago sentitu dugu”, adierazi dute HTXko antolatzaileek.

Abenduaren 26an, alde batetik, María Antunez, Josu Erbiti, Joseba San Sebastian eta Gorka Pastor musikariek Euskal Herriko talde ezagunen hainbat abesti eguneratuko dituzte eta hauek plazaratzeko Xabi Solano, Zaloa Urain, Tomas Lizarazu, Nerea Urbizu, Claudia Rodríguez, Lorena Aisa, Francis Díez, Idoia Tapia, Sara Zozaya, Lide Hernando eta Alex Sarduiren laguntza izanen dute.

Bestetik, Erika Olaizola aktorea eta Lander Garrok ere haien ekarpena egingo diote ikuskizunari eta, azkenik, Zetak, Anestesia, Herdoil eta Koban taldeak eta Little Martin Selektah & Juantxo Arakama & Nikotina hirukoteak haien lan berriak taularatuko dituzte.

Ikuskizun erakargarri eta berezi baten bitartez errepresaliatu politikoen egoeraren bozgorailu izan eta dispertsio politikak, oraindik ere, 221 euskal presoen senideengan sortzen dituen gastu ekonomiko ikaragarriak arintzea du helburu HTX jaialdiak.

Egun bizi dugun osasun krisiak “gogor kolpatu ditu” espetxeak eta bertan daudenen zein haien gertukoen eskubideak. Bisitak murriztu egin dira eta ez dira gutxi izan 1.000 kilometro egin ostean haien senide edo laguna ikusi gabe etxera itzuli behar izan direnak. Orain, mugikortasun murrizketen ondorioz ere, dispertsio politikak traba gehiago ezartzen dizkie. “Arrazoi bat gehiago, 32 urte eta gero, 16 heriotz eragin dituen sakabanaketa honekin amaitzeko”, azpimarratzen dute HTXeko antolatzaileek zabaldutako oharrean.

Eta sarrerak dagoeneko eskuragai daude HTX jaialdiko webgunean 12 euroko prezioan.

Gehiago