Urtarrilaren 14an egingo dute Blai Gazte Telebistaren estreinaldi mundiala

20:00etan ikusi ahal izango da gazte telebistaren lehen saioa, Topatun eta Blai Gazte Telebistaren Youtube kanalean. Estreinaldiaren egunean herri eta auzoetan emanaldiak antolatzeko deia egin dute.

2018-ko urtarrilak 3

Joan den abenduko Gazteraiki topaketetan jarri zuen lehen hazia Blai Gazte Telebistak, eta ordutik buru-belarri lanean aritu ondoren, Euskal Herriko gazteen ordenagailu eta mugikorretan izango da laster ikusgai telebista saio gazte eta freskoa. Izan ere, estreinaldi mundialaren data jakinarazi dute Blai Gazte Telebistako kideek: urtarrilaren 14an izango da, igandearekin, iluntzeko zortzietan.

Blai Gazte Telebistaren Youtube kanalean eta Topatun izango da ikusgai lehenengo saioa, eta herri eta auzoetan estreinaldiaren emanaldiak egiteko deia ere egin dute Blai Gazte Telebistako kideek. Hala, herri, auzo, gaztetxe eta etxeetara ere iritsi ahal izango da Blai Gazte Telebista.

Zure auzoan edo herrian emanaldi bat antolatu nahi baduzu edota Blai Gazte Telebistan parte hartu nahi baduzu, idatzi blai.gaztetb@gmail.com helbidera eta jarriko dira zuekin harremanetan.

Gehiago