Tatxers, Skabidean, Herdoil, Leizeak, Marianitoz eta beste hainbat EDH festibalean, urriak 28 eta 29 Berriozarren

Bi eguneko festibala antolatu du Ez dago Hilda kolektiboak Berriozarren Iruñerriko eszena antikomertziala sustatzeko eta gune autogestionatuei laguntza emateko. Eszenatokian Las Tipex, Lukiek, Sustrai Berriak, Tatxers, Bake Faltsua eta Marianitoz Blai taldeak izanen dira ostiralean, eta larunbatean, berriz, Leizeak, Odolkiak ordainetan, Accidente, Sorkari, Skabidean, SMOG eta Herdoil.

2022-ko irailak 10

EDH kolektiboak “Euskal eszena gaztetxeen alde, ez zaituztegu bakarrik utziko” izeneko kanpaina abiatu zuen 2019an, gaztetxeek euskal eszenari egiten dioten ekarpena nabarmendu eta eskertzeko helburuarekin, eta urte horretan antolatutako lehenengo jaialdiaren arrakastarekin, aurrera egiteko erabakia hartu zuten ekimen honetako kideek.

“Jaialdiaren helburua zen Maravillas eta Errotxapeako gaztetxeak diruz laguntzea”, gogoratzen dute, eta bigarrena antolatzea erabaki zuten, baina pandemiak atzeratu egin zuen, eta hurrengo urriaren 28 eta 29an Berriozarreko ilargi parkean ospatuko da azkenik.

Eszenatokian Las Tipex, Lukiek, Sustrai Berriak, Tatxers, Bake Faltsua eta Marianitoz Blai taldeak izanen dira ostiralean, eta larunbatean, berriz, Leizeak, Odolkiak ordainetan, Accidente, Sorkari, Skabidean, SMOG eta Herdoil. Bi egunetan, arratsaldeko 17:00etan hasiko dira kontzertuak, eta goizeko 4:00etan bukatuko dira.

Sarrerak gaurtik aurrera salgai daude. Aldez aurretik erosita, egun bakoitzerako sarrerak 10 euro balio ditu. Iruñeko Aitzina eta Herriko tabernetan eskuratu daitezke sarrerak. Internet bidez ere eros daiteke, 11 eurotan. Egunean berean ere salgai egonen dira, leihatilan, aurretik bukatu ez badira, 15 eurotan egun bakoitza.

Gehiago